KOLABORAZIOA

Elkanok munduari bira eman zioneko 500. urtemuga gogoan

Berriketan 2022ko urr. 13a, 13:47

Uztailaren lehenengo astean, Elkano Itsas Herria ekimena izan genuen geurean: Euskal Herriak itsasoarekin izan duen lotura berreskuratzeko zeharkaldi kulturala. Irailaren 6an, gainera, jai eguna izan genuen, Juan Sebastian Elkanok munduari bira eman zioneko bosgarren mendeurrena gogoratzeko. Gaiak erakarrita, Agustin Astorkiak, azken urteotan, ikertu egin du historia egin zuen bira; Berriketan-ekin partekatu nahi izan ditu paper artean aurkitutakoak.

1519ko irailaren 20an Fernando de Magallanes kapitain jeneralak gidatutako armada San Lucar de Barramedatik irten zen, 245 marinel inguruk osatuta. Horien artean 22 bizkaitar zeuden, hamar gipuzkoar, hiru nafar eta lapurtar bat. Kanaria uharteetatik igaro ondoren, Amerika aldera abiatu ziren armadako bost ontziak.

Brasileko uretatik Patagonia aldera jo zuten. Han piztu zen, San Julian badian, Magallanesen aurkako matxinada, zenbait ontzi kapitainek, ontzi maisuk eta abarrek antolatuta, tartean Juan Sebastian Elkanok. Zenbait hildako izan ostean, Magallanesek matxinada menderatu zuen. Bultzatzaile kargudunei gradua kendu zieten, biri izan ezik, beranduago jenderik gabeko uharte batean utzi zituztenak.

Patagoniako kostaldea arakatzen ari zirela, ekaitz batean Santiago ontzia urperatu egin zen; eta San Antonio ontziak, berriz, matxinada baten ondorioz, desertatu egin zuen espedizioaren janari gehiena eramanez. Azkenik, 1520ko azaroaren 27an, Ozeano Barera heldu ziren gelditzen ziren hiru ontziak: Trinidad, Victoria eta Concepcion.

1521eko irailaren 16an, zenbait gertakariren ondorioz kargutik kendu zuten Carvallo; Gomez Espinosa izango zen aurrerantzean Trinidad-eko kapitain, eta Juan Sebastian Elkano Victoria ontziarena

Ozeano Barea ehun egunetan zeharkatuta, eta urte eta erdi itsasoan ibili ondoren, egungo Filipinetara iritsi ziren. Hilabetez uhartez uharte ibili ondoren, Magallanes zenbait erregeren arteko liskarretan nahastu zen: Cebu-ko erregearen eskariari men eginez, Mactan-go erregearen aurka egin zuen 50 bat gizonekin. Han Lapu-Lapu buruzagiak eta bere gerlariek aurre egin zieten eta, ondorioz, Magallanes eta zortzi marinel hilak suertatu ziren.

Egun batzuetara, Cebu uhartean izandako segada batean, 26 marinel hil zituzten: besteak beste, Magallanes hil ondoren espedizioa gidatzeko hautatu zituzten bi ontzi kapitainak. Bizirik gelditzen ziren marinelekin hiru ontziak ezingo zituztela eraman ikusita, Concepcion ontzia erretzea erabaki zuten, eta espedizioaren kapitain orokor berri bat hautatzea: Joao Lopes Carvallo portugesa, Trinidad-eko kapitaina. Gonzalo Gomez de Espinosa zen, bestalde, Victoria ontziko kapitaina.

Juan Sebastian Elkanoren irudi bat

Moluketarako bidea. 1521eko irailaren 16an, zenbait gertakariren ondorioz kargutik kendu zuten Carvallo; Gomez Espinosa izango zen aurrerantzean Trinidad-eko kapitain, eta Juan Sebastian Elkano Victoria ontziarena. Trinidad ontziko matxura bat konpondu ondoren, Moluketarako bidea hartu zuten eta, 779 egun nabigatzen eman ostean, 1521eko azaroaren 8an iritsi ziren Tidorera, Moluketako hiri nagusia, eta horrela bidaiaren helburu bat lortu.

Hilabetez espezieak (kanela, iltze, jengibre, intxaur muskatua eta piperbeltza) eskuratu eta ontziak kargatu zituzten. Itzultzea erabaki zuten, baina konturatu ziren Trinidad ontziak ura hartu zuela eta ezingo zirela abiatu. Azkenean, 1521eko abenduaren 21ean, Trinidad eta Victoria ontziak banandu egin ziren. Trinidad ontzia Tidor-en gelditu zen konponketak egiteko. Gelditzen ziren hamabost euskaldunetatik hamar Victoria-n ontziratu ziren eta beste bostak, Trinidad-en.

Elkanoren agindupean, Victoria ontzia itzulerako bidean abiatu zen. Ekaitz bortitz bat jasan ondoren, ontzia konpondu eta gero Timor uhartera heldu ziren. Han, nahiz eta Pigafetak, bidaiaren narratzaileak, ez duen garbi kontatzen zer gertatu zen, badirudi matxinada gisako bat izan zela, baina nahiz eta zenbait hildako eta bi desertzio izan, Elkanok agintean jarraitu zuen.

1522ko irailaren 6an, hemezortzi marinel europarrek eta hiruzpalau marinel molukarrek osatutako Victoria ontzia San Lucar de Barramedara heldu zen. Elkanorekin batera beste hiru marinel euskaldun itzuli ziren: Juan de Akurio, Juan de Arratia eta Juan de Zubilleta

1522ko otsailaren 9an, Indiako Ozeanoan sartu ziren. Portugesen eremuan zeudenez, portugesen bidetik jo beharrean Elkanok hegoalderantz joatea agindu zuen ontzi maisuaren eta pilotuaren iritzien aurka. Zenbait hilabetez Indiako Ozeanoan zehar lehorreratu gabe ibili ondoren, 1522ko maiatzaren 19an Esperantza Oneko lurmuturra igaro eta Ozeano Atlantikoan sartu ziren.

Gineako kostaldean lehorreratzen saiatu eta ezin izan ondoren, marinelak gaixo, goseak eta eskorbutoz hiltzen ari zirela, Elkano tripulazioarekin bildu eta Cabo Verde uharteetara zuzentzea erabaki zuten, janaria eta edaria lortzeko. Garai hartan, Cabo Verde Portugalen menpe zegoenez, eta bazekitenez portugesak beren bila zebiltzala, ontziak gelditu eta marinelak atxilotzeko asmoz, lehorreratzerakoan nondik zetozen ezkutatzen zuten.

Hala ere, laster, portugesak zein ziren konturatu eta azken aldiz lehorreratutako hamahiru gizonak atxilotu zituzten. Elkanok, hori jakitean, berriz ontzia abian jarri eta ihes egiteko agindua eman zuen. Azkenik, 1522ko irailaren 6an, hemezortzi marinel europarrek eta hiruzpalau marinel molukarrek osatutako Victoria ontzia San Lucar de Barramedara heldu zen. Elkanorekin batera beste hiru marinel euskaldun itzuli ziren: Juan de Akurio, Juan de Arratia eta Juan de Zubilleta.

Ez da ezagutzen Juan Sebastian Elkanok Debarekin izan zuen harremanaren arrazoi zuzena, baina Domingo de Yarzarekin izan zuen harremanaz gain, bere testamentuan lotura hori argi geratzen da

Zenbait asteren ostean, Lisboatik igarota, Cabo Verden atxilotutako hamahiru marinelak Sevillara heldu ziren, horien artean Pedro de Tolosa eta Pedro de Txindurza euskaldunak. Mundu biran parte hartu zuten 36 euskaldunetatik hemeretzi marinel bidean gelditu ziren: hemezortzi hilda eta bestea Moluketan preso (zer gertatu zitzaion ez dago jakiterik). San Antonio ontzian 11 marinel itzuli ziren: hamar bizkaitar eta bat gipuzkoarra.

Deba Elkanoren testamentuan. Ezin da idatzi hau amaitutzat eman Juan Sebastian Elkanok Debarekin izan zuen harremana aipatu gabe. Arrazoi zuzena ez da ezagutzen, baina Domingo de Yarzarekin izan zuen harremanaz gain, bere testamentuan lotura hori argi geratzen da. Loaysa-ren espedizioa Ozeano Barean sartu ondoren, Elkano armadaren kapitain jeneral izendatu zuten, Karlos I.a erregeak idatzi batean aginduta utzi zuen bezala; Loaysa hilko balitz hori egin zedin eskatu zuen. Handik gutxira, 1526ko abuztuaren 4an hil zen.

Bere testamentuan, besteak beste, Itziarko elizarako urrezko 40 dukat bidali zituen bitartean, Getariako eliza eta baselizentzako, gutxi gorabehera, guztira 24 dukat bidali zituen. Sasiolako monastegirako ere urrezko beste hamar dukat bidali zituen.

Gure herrikideak ere protagonista. (Datuak XVI. mendeko Monreal de Deba hiribilduari dagozkio). Hildakoen artean inguruotako zenbait herritar egon ziren eta hildako horiekin eta, oro har, birarekin nolabaiteko lotura beste herrikide batzuek ere izan zuten. Hona hemen haien istorio pertsonala: