Iñigo de Elorriaga

Berriketan 2022ko urr. 13a, 12:40

Debako marinel hau, berez, Loaysa-ren espedizioa modura deitutako Elkanoren bigarren itzulian egon zen.

1525eko uztailaren 24an abiatu zen Coruñatik; espedizio horretan 450 marinel inguruk osatutako zazpi itsasontzi irten ziren. Juan Sebastian Elkano bira horretan hil zen, Pazifikoan.

Iñigo de Elorriaga Victoria ontzi kapitainaren kontramaisu bezala aritu zen, eta Urdanetak esan zuenez, Guam uharte inguruan ontzi beraren maisu izendatu zuten. Moluketan portugesekin borrokan ibili zen, eta liskar horietako batean, Hernando De Baldaya kapitain portugesaren galera harrapatu eta gero, galera horretarako kapitaina izendatu zuten. Moluketan gaixotu eta hil omen zen, 1529 urtean. 

Juan Lopez de Elorriaga, bere anaia, Iñigo anaiari zor zitzaion soldata kobratzeko auzian sartu zen Indietako kontseiluarekin; 1548an, Iñigo de Elorriagari zor zioten 30 hilabeteengatik 47.125 marabedi bere anaiari ordaintzea erabaki zen. 

Juan Lopez de Elorriagak, aldi berean, Anton Martin de Elkanori zor zitzaion soldata eskatu zuen Indietako kontseiluan. Maria Ochoa de Elorriagarekin ezkonduta zegoen Martin, eta Juan Lopez de Elorriaga Mariaren oinordeko unibertsala zen. Martin, berez, Juan Sebastian de Elkanoren anaia txikiena zen, eta Pazifikoan hil zen, Loaysa-ren espedizio berean joanda. Indietako kontseiluan ontzi pilotu gisa hamar hilabete eta zazpi egunez egindako lana aitortu zitzaion.