Martin de Goienaga eta Martin de Arratia

Berriketan 2022ko urr. 13a, 12:01

Bidaian zoritxarraren bat gertatuz gero, Debako bi hiritar hauei berari zor ziotena kobratzeko ahalordea eman zien Domingo de Yarzak, 1519ko abuztuaren hasieran. Ahalorde bera Elkanori eta Akuriori ere eman zien Yarzak.

Martin de Goienagari buruz gutxi ezagutzen da. Itsas arotz maisua zen eta itsasontziak egiten zituen. 1510eko martxoaren 28an, Aiako Gonzalez de Segurolaren aginduz Orioko ontziolan eta hareatzetan eraiki zuen itsasontzia Juan Martinez de Legarreta bilbotarrari eman zion. Emate horretan Goienagaren langile modura Debako Domingo azaltzen da. 1526an idatzi batean jasotzen da nola Amillaga aldean baratz bat zeukan.

Martin de Arratiari buruz ere antzekoa esan dezakegu. Lanbidez itsasontziko sokateriaz jarduten zuen. 1490ko abenduaren 12an, bere izena azaltzen da Juan de Arratiarekin eta beste bizilagunekin batera 1489ko San Miguel egunean egin ziren zenbait udal karguren aukeraketaren aurka eginez. 1501ean, Debako kontzejua eta bertako zenbait elizetako apaizen artean onuradunak izateko beharreko prozedura eta baldintzak zehazteko izandako bileretan azaltzen da. Zenbait urte beranduago, Arratia etxearen aipamena egiten da hainbat idatzietan; ordurako Martin de Arratia hilda zegoen.