1519ko maiatzaren 15ean ordainketa bat azaltzen da Concepcion eta San Antonio ontzietan lanak egiteagatik. Espedizioa irten aurretik berari egindako beste ordainketa batzuk ere azaltzen dira. 1519ko abuztuaren hasieran, espedizioa Sevillatik bederatzi egun irten baino lehenago, Juan Akuriok, Juan Sebastian Elkanok eta Domingo de Yarzak elkarri botereak edo ahalordeak eman zizkioten.
Ahalorde horien bidez, bidaian ezbeharren bat gertatu izanez gero, egindako lanarengatik zor zieten dirua besteek kobratzeko eskubidea zeukaten. Akuriok, esaterako, bere aitari eta Bermeoko merkatari bati emateaz gain, Elkanori eta Domingo de Yarzari eman zien ahalordea. Elkanok, berriz, bere bi anaiari eta merkatari bati emateaz gain, Akuriori eta Domingo de Yarzari eman zien ahalordea.
Yarzak, azkenik, Debako bi bizilaguni emateaz gain, Akuriori eta Elkanori eman zien ahalordea. Hemen ikusten da zein harreman estu izan zuten bere artean; bata, ontzi maisua, bestea, ontzi kontramaisua eta, hirugarrena, arotza izanik.
Ez dago garbi non hil zen. Teoria hori babesten duten bi bertsio nagusi daude
1519ko irailaren 20an ontziratu zen San Lucar de Barramedan, Concepcion ontziaren arotza bezala. Ia bi urte beranduago, 1521eko maiatzean, Filipinetako Bohol uhartean Concepcion ontzia erre zutenean Trinidad ontzian ontziratu zen, eta Victoria eta Trinidad ontziak banandu zirenean Trinidad ontzian geratu zen.
Trinidad ontziko kapitaina Gonzalo Gomez de Espinosa zen eta ontziaren konponketak egin ondoren, Elkanok hartu zuen bidetik itzuli beharrean, hara iristeko erabili zuten bidetik itzultzea erabaki zuen: hau da, Pazifikotik zehar joatea. Ez zuen lortu, eta bide erdian atzera egin zuen, ontzia berriro Moluketara eramatea aginduz. Han, bere bila zebiltzan portugesek harrapatu eta atxilotu zuten.
Ez dago garbi non hil zen. Batzuek diote Pazifiko aldera joan zirenean eskorbuto gaixotasunagatik hil zela, 1522ko urriaren 14an. Beste batzuek, ordea, Trinidadeko marinelak Moluketara itzuli zirenean Domingo de Yarza bizirik zegoela diote, eta han preso hartu zutela. Malakara bidali zutenean hil zen, 1524ko azaroan.
Sevillako Espezia Salerosketarako Etxean aipatzen da Kristobal de Haro faktoreak aurkeztutako kontuetan nola emazteari eta oinordekoei 5.000 mila marabedi eman zieten, zorretan zegoen Yarzaren soldataren kontura. Dokumentu horretan ordainketa 1528ko otsailaren 12an Burgosen egin zela azaltzen da. Beranduago, 1534an, Juan de Akurio, lurrari bira eman zion kontramaisua, Carlos I.a erregeari zuzendu zitzaion Juan de Agirre, Anton de Bazazabal eta Domingo de Yarza Trinidad ontziko marinelei zor zitzaien soldata horien emazteei eta oinordekoei ematea eskatuz, pobrezian bizi baitziren.