Antzezlanez beteriko egitaraua prestatu dute 37. Antzerki Asterako. Ekainean ospatu zuten iaz, baina maiatzean abiatuko da aurtengoa, edizio gehienetan bezala, eta zazpi egunetan bederatzi ikuskizun taularatuko dituzte, helduentzat zein haurrentzat. "Komedia asko izango dugu, baita satira, kritika zein melodrama ere. Gustu guztiak asetzeko lain egongo da, seguru", aurreratu dute Goazeko kideek.
Zortzi konpainia ariko dira agertokian, talde amateurrak ere tartean, beti legez. "Goaz talde amateurra izanik, eta antzerkigintza amateurrak zirkuitu bat osatzeko izaten dituen zailtasunez jakitun, konpainia horiei espazio bat eskaini nahi izan diegu aurten ere. Bergarako Kokoxa eta Lezoko Orratx! talde amauterrak izango ditugu gurean", aipatu dute.
"Komedia asko izango dugu, baita satira, kritika zein melodrama ere. Gustu guztiak asetzeko lain egongo da, seguru"
Goazek berak ez du emanaldirik egingo Antzerki Astean, oraindik ere iaz Fokupean festibalean estreinatutako Lotura basatiak performancearekin "indartsu" jarraitzen baitu taldeak; Deban birritan antzeztu ondoren, Mendaron, Bermeon eta Mutrikun taularatu dute lana, eta ekainaren 8an Aizarnan ariko dira. "Oso harrera ona izan du, publikoa hunkituta eta esker oneko irteten da, eta horrek antzezlanarekin jarraitzeko gogoa ematen du. Gainera, talde eta giro oso polita sortu dugu gure artean, eta hori da altxorrik handiena".
Berritasunak eta oztopoak
Antolatzaileek azaldu dutenez, berritasunak izango dira aurtengo egitarauan: "Lehen aldiz, Gozatuz egitasmoko antzerki ikastaroko umeek Antzerki Astean egingo dute beren emanaldia. Gainera, antzerkiaz gozatzeko eta harremanak sortzeko helburua ere badaukagu. Ekainaren 2an, adibidez, solasaldirako aukera izango dugu; bi antzezlan labur egingo ditu Goitibera taldeak eta, iaz izandako arrakasta ikusita, bi emanaldien artean mokadu bat jateko aukera izango da. Bi saioak amaitzean, gainera, konpainiak solasaldi filosofiko bat planteatuko du Jakinmin elkarteko kide batekin", erantsi dute.
Bestalde, aldaketak izango dira kokaguneari dagokionean ere. Ez da saiorik izango Goazen Osioko lokalean eta Aldatsen, eta ikuskizun gehienak Ispiluen gelan egingo dira; kale antzerkia eta Itziarko emanaldia izango dira salbuespenak. "Osioko lokalak irisgarritasun arazoak ditu, erdigunetik urrun egoteaz gain eskailerak igo behar direlako nahitaez bertara heltzeko. Pilotalekua handia da eta jende asko sar daiteke, baina oihartzunak, hotzak, kanpoko zaratek... ez dute emanaldi bat lasai egiteko aukerarik uzten. Eta Ispiluen gela atsegina da, baina bere mugak ditu, nahi baino txikiagoa izanik, bertan ezin delako muntaketa handirik egin. Horregatik egin dugu berriz ere pieza txikiagoak ekartzeko apustua", arrazoitu dute. Hartara, herrian kulturgune egoki bat ez izatea "oztopo bat" dela gogorarazi dute, bai antzezlanak hautatzerakoan, bai antolatzaileentzat eta bai publikoarentzat oro har.
Urte berezia Goaz taldearentzat
Ostolaza Sarietako bat oso pozik eta esker onez jaso berritan, 2024a urte berezia izango da Goazentzat; 50 urte beteko ditu aurten. "Mende erdi! Azkar esaten da... Goaz-kide izandakoekin azaroan egingo dugu ospakizuna eta antzerkiz bustiko ditugu kaleak. Ondo pasako dugu!".
Sarrerak Internet bidez erosteko aukerak
Urtero bezala, Antzerki Asteko emanaldi bakoitza hasi aurretik sarrerak aretoan bertan izango dira salgai. Aldez aurretik eskuratu nahi dituztenek Internet bidez erosteko aukera ere izango dutela jakinarazi dute antolatzaileek. Ondorengo estekan eskuratu daitezke: www.labur.eus/DebaAntzerkiAstea
Antzerki Astearen egitaraua:
- Maiatzak 24, ostirala
- 19:00. Barsanti konpainiaren Legea gu gara kale antzerkia, Plaza Zaharrean. Sarrera: doan.
- Maiatzak 25, larunbata
- 19:00. Zelako Kultur Ideiak konpainiaren eMcumeak antzezlana, Ispiluen gelan. Sarrera: 8 euro.
- Maiatzak 26, igandea
- 12:30. Kokoxa taldearen 150 antzezlana, Ispiluen gelan. Sarrera: 8 euro. Ondoren, luntxa eskainiko dute.
- 18:00. Jon Ander Urrestiren Eucalyptus antzezlana, Itziarko Burugorrin. Sarrera: doan.
- Maiatzak 28, asteartea
- 18:00 eta 19:00. Debako Gozatuz antzerki ikastaroko haurren Lasturko jauregia antzezlana, Ispiluen gelan. Sarrera: doan.
- Maiatzak 30, osteguna
- 10:30 eta 11:30. Aizarnako Herri Eskolako kideek Urtaroen musikala lana antzeztuko dute Luzaroko ikasleen aurrean, Ispiluen gelan. Sarrera: doan.
- Ekainak 1, larunbata
- 19:00. Orratx Antzerki Taldearen Ai, ai, ai, badatorrela! antzezlana, Ispiluen gelan. Sarrera: 8 euro.
- Ekainak 2, igandea
- 12:30. Goitibera konpainiaren Amatxik dixit antzezlana, Ispiluen gelan.
- Luntxaren ondoren, Goitiberako kideen Zuri antzezlana, Ispiluen gelan.
- ***OHARRA. Bi emanaldi horietarako eta tarteko luntxerako sarrerak 8 euroan salduko dira.