'Legea gu gara'

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2024ko mai. 23a, 10:39

Cia Barsanti (Bilbo) taldeak Legea gu gara aurkeztuko du maiatzaren 24an, 19:00etan, Plaza Zaharrean. Kale antzerkia doan izango da ikusgai. Hona hemen sinopsia:

Sergio eta Erramun istiluen kontrako brigadako bi polizia dira, perfil oso ezberdinekoak. Arkauten sorturiko "asalto brigada beldurgarrienetako" bat osatzen dute.

Bi protagonistak plazara iristen dira bertan ospatuko den legez kanpoko botiloia ekiditeko. Baina hara iristean, amaiezina bihurtuko den abentura batekin egingo dute topo. Publikoa plazara hurbildu eta erdi-erdian susmagarria den furgoneta bat aurkituko du; Erramun eta Sergioren presentziarekin argituko dira furgoneta horren inguruko zalantza guztiak...

50 minutuko ikuskizuna da Legea gu gara, Cia Barsanti antzerki konpainiak bereizgarri dituen osagai eszenikoekin sortutako pieza umoretsu eta ausarta. Kale antzerkian ohikoa den hizkuntza erabilita, umorea eta egunerokotasun soziala azaleratzen dira Deban aurkeztuko duten antzezlanean, "lerdotasunera eta zoramenera" eramango gaituzten bi pertsonaia horien bitartez.

Fitxa artistikoa:

  • Aktoreak: Aritza Rodriguez eta Juanjo Otero
  • Jantziak: Enriqueta Vega
  • Zuzendaritza: Pako Revueltas
  • Iraupena: 50 minutu