'Amatxik dixit' eta 'Zuri'

Erabiltzailearen aurpegia Goaz Antzerki Taldea 2024ko mai. 23a, 11:31

Goitibera taldeak Amatxik dixit eta Zuri antzezlanak aurkeztuko ditu ekainaren 2an, Ispiluen gelan. 12:30ean hasiko da lehen antzezlana eta ondoren, bigarrena hasi aurretik, luntxa eskainiko dute (8 euroan salduko dira bi saioetarako eta tarteko luntxerako sarrerak). Hona hemen antzezlanen sinopsiak:

Amatxik dixit

Guda zibilean jazarpenak eta kondenak sufritu zituzten pertsonei omenaldia egin nahi dien antzezlana taularatuko du Goitibera konpainiak: "Familia guztietan dago gogora ekartzea merezi duen istorio bat, eta gure familian Amatxiren lehengusinarena da, guda garaiko istorioa, maitasun istorioa...".  

2019an, Pabilioi 6-ko Antzerki Arinaren VII. Jardunaldietan, Amatxik dixit-ek pieza onenari eskainitako Kriselu Saria lortu zuen, baita publikoaren saria ere.

Fitxa artistikoa:

  • Gidoia eta zuzendaritza: Saioa Iribarren
  • Aktoreak: Nerea Ariznabarreta, Ander Basaldua eta Gaizka Chamizo
  • Iraupena: 20 minutu

 

Zuri:

Espetxeek presoengan duten eragina aztertzen duen melodrama da: "Espetxean oso erraz sartu daiteke, baina bertatik ateratzea ez da inoiz erraza izan. Zoritxarrez, sistema kapitalistak oraindik ere erabiltzen dituen instituzio zaharkitu hauetan gertatzen diren istorioetako bat da hau. Sartu, zarata sortu gabe... ixo! Gaur zure lehenengo eguna da...". 

Fitxa artistikoa:

  • Gidoia eta zuzendaritza: Saioa Iribarren
  • Aktoreak: Ander Basaldua eta Gaizka Chamizo
  • Ekoizpena: Goitibera
  • Iraupena: 25 minutu