Sortzez bilbotarra izan arren, Debarekin lotura estua izan zuen txikitatik Enrique Vitoriak (Kike Turmix ezizenez ezagunagoa). Debako danborradako zuzendari izandako Isidro Vitoria Mami-ren semea eta Txema Vitoriaren anaia izateagatik ezagutzen zuten askok inguruotan, baina 80ko eta 90eko hamarkadetan punk-rock musikari gisa egindako ibilbideak nazioarteko ospea eman zion.
Musikaren hainbat eremutan aritu zen: Kike Turmix y los Pasapures, N-634 eta The Pleasure Fuckers taldeetako abeslaria izan zen, adibidez, baita disko jartzailea, Safety Pin Records zigilu diskografikoaren sortzailea eta kontzertu-bira antolatzailea ere. Halaber, ospe handia izan zuen, besteak beste, Eskandinaviako rock musikarien artean, eta Orange Productions ekoizpen-etxeak bere bizitzari buruzko dokumentala kaleratu zuen 2005ean; Deban grabatutako irudiak agertzen dira bertan.
Kike Turmix eta Los Pasapures taldearen hiru abesti argitaragabeak entzungai daude jada Interneteko plataforma ezberdinetan. Entzun abestiak ONDORENGO ESTEKAN sartuta
Kike Turmix bizileku zuen Madrilen zendu zen, 2005eko urriaren 17an, 48 urte zituela, eta bere heriotzak samina eragin zuen askorengan. Ez ziren gutxi izan Espainiako komunikabideetan kultur munduko eragileek nahiz norbanakoek zabaldutako albisteak eta dolumin mezuak.
Eta, ildo beretik, aurten ez da oharkabean pasako bere heriotzaren 20. urteurrena, ez Espainian ez Deban. Izan ere, musikariak duela ia 40 urte grabatu baina argitaratu gabe geratu ziren hiru kanta plazaratu berri baitituzte.
Oraingoz Interneten, gero biniloan
1987an Leonen grabatutako hiru abestiek formatu digitalean ikusi dute argia urrian, Selenitas Records-en eskutik. Jose Antonio Gomez diskoetxeko arduradunak azaldu bezala, "hiru bertsio dira, 60ko hamarkadako rockaren estandarrak: Question Mark & The Mysterians-en 96 tears, Sam The Sham & The Pharaos-en Woolly Bully eta Troggs taldearen Wild Thing. Leongo Los Cardiacos taldearen ekimenez grabatu zituzten, beren P.I.G.S. estudioan, Kike kontzertu batzuetara gonbidatu zutela aprobetxatuz. Lehenengo bi kantak Los Cardiacos taldearen orduko formazioarekin grabatu ziren, eta hirugarrena beste hiru kiderekin, baina haiek ere Leongo taldean parte hartu zuten une desberdinetan".
Kike Turmix y los Pasapures taldeak sinatu zituen abesti horiek entzungai daude dagoeneko Interneteko plataforma ezberdinetan. Nolanahi ere, laster EP batean kaleratuko dituzte, binilo formatuan.
Debako Kultur Elkartearen eta Selenitas diskoetxearen arteko elkarlanaren fruitu izango da, hain zuzen, diskoa. Aitor Bedialauneta elkarteko lehendakariak aipatu bezala, "orain dela hilabete batzuk gurekin harremanetan jarri zen Selenitaseko Juan Antonio Gomez, hiru abesti horiekin zerbait egiteko proposamena luzatuz. Eta, Kikeren ibilbideari keinu bat egiteko modurik onena zelakoan, kantak binilo formatuan kaleratzea adostu genuen. Elkarteko zuzendaritzako kideoi zentzuzkoena iruditu zitzaigun, Kike urte luzez aritu zelako disko jartzaile moduan hainbat lekutan eta ziur gaude ilusioa egingo liokeela. Gainera, biniloa da gaur egun musika bildumazaleen artean arrakasta gehien duen formatua".
Omenaldia Deban
Diskoa laster plazaratuko dute, data zehatzik eman ez duten arren. "Oraindik ere ez daukagu guztia itxita, baina lanean dihardugu datozen hilabeteotan Kikeri omenaldi bat egiteko Deban. Diskoa omenaldi horren baitan aurkeztea da asmoa, hain justu", zehaztu du Bedialaunetak.
Erakusketak, mahai-ingurua, kontzertuak, binilo pintxada... jarduera ezberdinak antolatuko dituzte Kike Turmixen Debako omenaldirako
Erakusketak, mahai-ingurua, kontzertuak, binilo pintxada... jarduera ezberdinak antolatuko dituzte omenaldirako. "Egitaraua guztiz zehaztuta ez dagoen arren, argi dagoena da rock and rollik ez dela faltako", aurreratu du Kultur Elkarteko kideak.
Hil zenetik hogei urte igaro diren honetan, Kike Turmixen ibilbide musikala goraipatzera dator haren oroimenez prestatuko duten ekimen sorta. "Garaiko rock and roll eszenan bidelagun izan zituen musikari edota profesional batzuek parte hartuko dute omenaldian. Alde artistikoaz harago, dena dela, Kikeren alde pertsonala ere ekarriko dugu gogora", argitu du Bedialaunetak.
Kike Turmix besteen ahotan
Turmixek maila pertsonalean zein artistikoan lagatako arrastoaz gehiago jakin nahian, bere bidelagun izandako hainbat kideren testigantzak jaso ditu Berriketan-ek:
- Susi Muriel (Kikeren laguna): "Kike pertsona berezia zen eta azkenera arte berezia izatea erabaki zuen".
- Jose Antonio Gomez (Selenitas diskoetxeko kidea): "Gustu musikal ona izateaz gain, nekaezina zen aktibista punk eta rockeroaren eredua ezarri zuen".
- Ana Isabel Gonzalez (kazetaria eta Discos Dro diskoetxeko kidea): "Bizimodua aurrera ateratzen zekin tipo barregarria, dibertigarria eta maitagarria zen".
- Manolo Vazquez (tabernaria eta Kikeren laguna): "Asko gustatzen zitzaion adarra jotzea eta erantzun zorrotzak ematea, baina errespetuz beti".
- Pilar Saenz (tabernaria eta Kikeren laguna): "Flipatu egiten genuen eskandalu hutsa ziren gauza horiek tabernan jartzen zituenean".
- Iñaki Prieto (musikazalea): "Funtsezko eragina izan du punk-rock eszenan, bai Euskal Herrian eta bai nazioartean ere".