Jose Antonio Gomez: "Gustu musikal ona izateaz gain, nekaezina zen aktibista punk eta rockeroaren eredua ezarri zuen"

Berriketan 2025eko azaroaren 5a

Kike Turmixek maila pertsonalean zein artistikoan lagatako arrastoaz gehiago jakin nahian, bere bidelagun izandako hainbat kideren testigantzak jaso ditu Berriketan-ek. Hona hemen Jose Antonio Gomez Selenitas diskoetxeko kidearen hitzak.

80ko hamarkadan Kike nahiko pertsona famatua izan zen Madrilen eta musikagintzan oro har. Denbora luzez izan zen Malasañako The PleasureFuckers taldeko buru eta mundu osoan zehar ibili ziren biraka. 80ko eta 90eko hamarkadetan Eskandinaviako rock esparruko talde asko ekarri zituen kontzertuak ematera, Nomads, Hellacopters, Turbonegro edo Backyard Babies bezalako taldeak ezagutaraziz. Abeslari liderra, enpresaria, sustatzailea, disko jartzailea, talentu-bilatzailea, asaldatzailea... izan zen eta beste hainbat jardueratan ere aritu zen. Atsedenik gabe ibiltzen zen eszenatokietan, entsegu lokaletan edota diskoetxeen bulegoetan.

DRO diskoetxearen hastapenetan egin genuen topo, Madrilera bere maketa aurkeztera etorri zenean, eta  orduko N-634 bere taldearekin hainbat kanta grabatu genituen. Elkar ezagutu ondoren, nire etxean egon zen bizitzen hainbat astez, eta harreman ona izan genuen beti; behin eta berriz elkartzen ginen kontzertuetan, baita Itziarko Txitxarron edo Gasteizko Azkena Rock-en ere.

Merezi du Kike Turmixen ibilbidea nabarmentzea eta bere figura aldarrikatzea. Gustu musikal ona izateaz gain, nekaezina zen aktibista punk eta rockeroaren eredua ezarri zuen. Dena den, ezagutu zuten guztientzat harrigarriena da Kike oso dibertigarria zela, eta pertsona ona funtsean.