Iñaki Prieto: "Funtsezko eragina izan du punk-rock eszenan, bai Euskal Herrian eta bai nazioartean ere"

Berriketan 2025eko azaroaren 5a

Kike Turmixek maila pertsonalean zein artistikoan lagatako arrastoaz gehiago jakin nahian, bere bidelagun izandako hainbat kideren testigantzak jaso ditu Berriketan-ek. Hona hemen Iñaki Prieto musikazalearen hitzak.

90eko hamarkadaren bigarren zatian hasi nintzen rock and rollari arreta jartzen, anaia nagusiaren eraginez. Berehala harrapatu ninduen, burua lehertzeraino! Behin eszenan murgilduta, Kike Turmixen izena fanzineetan, aldizkarietan eta kontzertuetan etengabe agertzen hasi zen. Bere grina ikaragarri kutsakorra zen eta egiten zuen guztia pasioz eta dedikazioz egiten zuen. Nahiz eta berak antolatutako hainbat kontzertutan egon eta beste talde askoren kontzertuetan kantatzera igotzen ikusi, ez nuen lortu bere talde batekin zuzenean entzuterik. Azken aldiz, 2003ko B.A.R. jaialdian ikusi nuela uste dut...

Kike Turmixek funtsezko eragina izan du punk-rock eszenan, bai Euskal Herrian eta bai nazioartean ere. Ez zen soilik DJ edo musikari bat; katalizatzaile bat izan zen. Garai hartan ez zegoen Internetik eta harreman pertsonalak funtsezkoak ziren. Kikek karisma berezia zuen jendea konektatzeko. Bere fanzineek, irrati saioek eta kontzertu antolakuntzek sare bat ehundu zuten, non talde txikiak eta zaleak elkartzen ginen. AEBetako eta Europako underground eszenekin harreman sakonak zituen eta horrek aukera eman zuen talde ezezagunak gurean ezagutarazteko. Gainera, horri esker, gure eszena kontzertu-zirkuitu internazional batean kokatu zen eta horrek ateak ireki zizkien hemengo zaleei eta taldeei.