Manolo Vazquez: "Asko gustatzen zitzaion adarra jotzea eta erantzun zorrotzak ematea, baina errespetuz beti"

Berriketan 2025eko azaroaren 5a

Kike Turmixek maila pertsonalean zein artistikoan lagatako arrastoaz gehiago jakin nahian, bere bidelagun izandako hainbat kideren testigantzak jaso ditu Berriketan-ek. Hona hemen Manolo Vazquez tabernariaren eta haren lagunaren hitzak.

Nik uste dut Deban ezagutu genuela elkar, baina gure harremana 1988an estutu zen, Zokoa hartu nuenean. Egun batean Kikek telefonoz deitu zidan esanez: "Manolo, Zokoan jo dezakeen talde bat daukat: Les Scurs, frantsesak dira". Kontzertu itzela eman zuten; igande iluntze batean izan zen. Egia esan, Kikek talde asko ezagutzen zituen eta haietako asko Zokoan jotzeko "ezagunegiak" ziren, baina beste hainbat talde ekarri nituen berari esker: Sex Museum, Dr. Petaco, Freedom, Los Potros... Eta, nola ez, The Pleasure Fuckers ere izan genuen bertan jotzen hiru bat aldiz. Gainera, ETB etorri zen emanaldi haietako bat grabatzera. Kikeri esker jende asko ezagutu nuen: Mikel Insausti, OK Korral musika taldeko Lu eta Dani… Eta sasoi batean ni ere asko ibili nintzen jende horrekin; rock and roll munduan lau katu ginen eta denok ezagutzen genuen elkar. Gaztetxeez haratago, garai hartan ez zegoen kontzertu areto askorik.

Maila pertsonalean, Kikeri asko gustatzen zitzaion adarra jotzea eta erantzun zorrotzak ematea, baina errespetuz beti, asmo txarrik gabe. Itxuraz gogorra izan arren, oso maitakorra zen, uste dut ez nuela inoiz haserre ikusi. Musikaz pila bat kontrolatzen zuen, entziklopedia bat zirudien! Oso ondo idazten zuen gainera (Ruta-66 aldizkarian idazten zuen); garai hartako 200 ale inguru etxean gordeta dauzkat.