Pilar Saenz: "Flipatu egiten genuen eskandalu hutsa ziren gauza horiek tabernan jartzen zituenean"

Berriketan 2025eko azaroaren 5a

Kike Turmixek maila pertsonalean zein artistikoan lagatako arrastoaz gehiago jakin nahian, bere bidelagun izandako hainbat kideren testigantzak jaso ditu Berriketan-ek. Hona hemen Pilar Saenz tabernariaren eta haren lagunaren hitzak.

Betidanik ezagutzen nuen Kike, gaztetxoak ginenetik, bera ni baino apur bat zaharragoa izan arren. Amaren Maxi lokalera etortzen zen hasieran eta pertsona berezia zen, ganberroa. Beranduago, Maxi taberna zabaldu genuenetik, tabernari-bezero harremana izan genuen; uda guztietan etortzen zen eta iritsi ahala musika jartzen hasten zen... Lotsa gutxikoa zen, baina oso dibertigarria. 

Gazte ginela, Movida madrileña-ren garaian, hemen Euskal Rock Erradikalarekin genbiltzan eta Led Zeppelin edo The Clash ere gustuko genituen. Eta bera Madrildik The Pleasure Fuckers bezalako taldeekin etortzen zitzaigun; benetan gogorra zen rock and roll hura, punk-rock edo garage-rock estilokoa, eta flipatu egiten genuen eskandalu hutsa ziren gauza horiek jartzen zituenean... Imajina dezakezue! Baina musikaz asko zekien, punk-rock estilo horietako Europako talde guztiak ezagutzen baitzituen.

Gogoan dut, bestalde, Debara etortzen zen bakoitzean almendra garrapiñatuak ekartzen zizkiola amari eta Maxira ere ekartzen zituen batzuk, denok jan genitzan. Eta Madrilera joaten ziren debarrak ezin hobeto tratatzen zituen; bertan izan ginen aldietan, Malasañan musika jartzen zuen La Vaca Austera eta Agapo tabernetan eta tratua sekulakoa izaten zen beti. Asko disfrutatzen zuen, bizizale amorratua zen, esajeratua...