Kike txikitan ezagutu nuen. Bera Bilbotik zetorren eta ni Eibartik, eta udak Deban pasatzen genituen. Irailera arte egoten ginen bertan eta haurtzaroko zati handi bat hondartzan, Lasaon, errekan... igaro genuen. Txikitatik izan ginen lagunak, nahiz eta kuadrilla berekoak ez izan.
Gazte ginela, Kazetaritza ikasi nahi zuen, baina gauzak okertu zitzaizkion eta 80ko hamarkadan Madrilera joatea erabaki zuen. Garai triste eta ilun samar batetik irteten ari ginen eta Madrilen jende ugari aurkitu zuen: musikariak, poetak, pintoreak, eskultoreak... Kasualitatez, ni ere Madrilen egon nintzen bizitzen 1982tik 1989ra arte eta bertan ikusi genuen elkar berriz ere. Gogoan dut Rockola tabernan aurkitu nuela diskoak jartzen eta publikoari disko txikiak botatzen, loreak balira bezala... Harrituta geratu nintzen! Bera ibiltzen zen tabernetan ikusten genuen elkar (Rockola, Via Lactea, Agapo, La Vaca Austera... Azken hori berak zabaldu zuen, baina ez zitzaion ondo atera). Diskoz, pegataz eta istorio harrigarriz betetako maleta batekin ibiltzen zen beti.
Kike pertsona berezia zen eta azkenera arte berezia izatea erabaki zuen. Oso gizon sentimentala zen, baina, aldi berean, ezarritako guztiarekin lotsagabea, hezigaitza eta neurrigabea. Horrela gogoratzen dut nik, maitasun handiz. Har dezala atseden bakean eta entzun dadila rock and rolla zeruan.