Gabonak gainean ditugu eta laster ikusiko ditugu garai hauetan ohikoak diren apaingarriak eta argiak herriko kaleetan. Urteroko jarduera eta hitzordu bereziak ere izango dira aukeran, beti bezala: Olentzeroren eta Mari Domingiren bisita, Errege Kabalgata, musika emanaldiak... Eta, zalantzarik gabe, eguberrietan egingo dira urteko erosketetako asko ere; kontsumoa biderkatu egiten da eta opariak egiteko eta ohiko otorduak prestatzeko, besteak beste, dendaz denda ibiltzen dira herritarrak.
Data kutunak dira batzuentzat, eta ez horrenbeste beste batzuentzat. Arrazoi ezberdinak tarteko, hain zuzen, sentimendu eta emozio ezberdinak azaleratzen dira urteko sasoi hauetan.
Bada, nola bizi dituzte gure ingurukoek Gabonak? Tradizio zaleak al dira? Zer kontsumo ohitura dituzte? Zer gomendio ematen diete bezeroei? Aipatutako galdera horietako batzuk egin dizkie Berriketan-ek lau herritarri. Etxea txukun apaintzeagatik ezagun den Marina Guridi, garaiotan lanez lepo dabiltzan Nerea Lazkano loteria sailtzailea eta Fernando de la Torre arrain saltzailea eta Iratxe Astigarraga Debako Death Cafe-ko kidea dira protagonistak.
- Marina Guridi, I. Balkoi lehiaketako irabazlea: "Sorpresaren bat ere egongo da aurten, baina lehiaketan ez dugu parte hartuko"
- Nerea Lazkano, Loteria saltzailea: "Jendeak nahiago izaten ditu 0, 5, 7 eta 13an amaitzen diren zenbakiak"
- Fernando de la Torre, arrain saltzailea: "Lehenbailehen enkargatzea eta erostea gomendatzen diet bezeroei"
- Iratxe Astigarraga, Debako Death Cafe-ko kidea: "Nostalgiaz gogoratzen ditut janari berezi haiek eta sukaldeko usaina"