Gabonak ez dira garai alaiak denontzat, beste sasoi batzuetan baino nabarmenagoa izaten baita ez daudenen hutsunea...
Nire kasuan ez dira alaiak izan azken urte hauetan. Sasoi batean familian ospatzen genituen, oso gustura, gainera; sekulako gogoa izaten nuen data horiek iristeko. Baina denbora gutxian jende asko galtzen hasi ginen. Lehenengo amama hil zen eta urtebetera bi osaba. Handik urte gutxira, gainera, ama gaixotu eta hil zen. Harrezkero, Gabonak are tristeagoak izan dira niretzat.
Horrelako egun seinalatuek oroitzapenak dakartzate gogora, ezta?
Bai. Gure etxean batez ere Gabon gaua eta Eguberri eguna ospatzen genituen elkarrekin. Ama eta bion artean prestatzen genituen otorduak. Nostalgiaz gogoratzen ditut prestatzen genituen janari berezi haiek eta sukaldeko usaina, baita guztia antolatzen elkarlanean aritzea eta familiarekin batzeko irrikaz egotea ere.