Noiz hasten da Gabonetako loteriaren salmenta? Azken ordura arte zain egoten al da jendea?
Uztailaren erdialdera ekartzen dizkigute Gabonetako zozketaren lehen dezimoak. Kostaldeko herria izanik, jende asko dator Debara egun-pasa, baita oporrak edo uda pasatzera ere, eta horietako askok loteria erosteko ohitura dute. Bestela, esango nuke urritik aurrera izaten dela mugimendurik handiena; konstantea izaten da jendearen joan-etorria.
Zeintzuk izaten dira gehien eskatzen diren zenbakiak?
Konturatu gara jendeak nahiago izaten dituela 0, 5, 7 eta 13an amaitzen diren zenbakiak; arrakasta handia izaten dute. Eta, horrexegatik, amaiera hori dutenak gure abonatutako zenbakien artean dauzkagu. Gabonetako zozketan hiru zenbaki oso-osorik saltzen ditugu gure administrazioan eta horietako bi urte osoan abonatutako zenbakiak dira: 72.905 eta 13.780.