Noiz ekin zion Laboral Kutxak digitalizazio prozesuari?
Urte dezente dira. Lehenengo ordenagailua ezarri genuenetik, gure lana ikaragarri aldatu da. Baina gure negozioaren bilakaeran benetako iraultza ekarri duena smartphonea izan da, bezeroari banka digitalaren bitartez kontuak kontsultatzeko eta eragiketak egiteko aukera eman baitio.
Orain, berrogeita bost urtetik beherako jendea ez da bulegoan azaldu ere egiten, beste mota bateko beharra daukanera arte: aholkularitza, etxebizitza bat erostea, laneko inbertsioren bat, aseguru bat kontratatzea... Zerbitzuen abanikoa asko zabaldu da eta bulegoetako lana, batez ere, horrelako zereginetara ari da bideratzen.
Azken urteotan kexa asko entzun dira banketxeek ezarri dituzten murrizketak direla eta. Oro har, Laboral Kutxa nola ari da gai hau kudeatzen?
Esango nuke Laboral Kutxak ez duela bere bulegoa herri batean ere desagerrarazi. Beste gauza bat da herri batean bulego bat baino gehiago izatea eta horietako bat edo beste itxi izana. Zerbitzu batzuk murriztu dira, baina zein zerbitzu dira murriztu ditugunak? Gure lana asko aldatu da. Orain asko funtzionatzen dugu hitzorduekin eta, bezeroari erantzun egoki bat emateko, gure lana beste era batera egin behar dugu. Gure ordutegiak murriztuta daude kutxako zerbitzuentzako, baina aholkularitza zerbitzuentzako goizeko 08:30etik 14:30era gu hemen gaude. Eta irekita gauden bitartean, etortzen den norbaiti ezin badiogu leihatilatik dirua eskura eman, kutxazain bidez egiten laguntzen diogu, transferentziak guk egiten dizkiogu edo horretan laguntzen diogu... Murriztapen horien barruan, erantzun bat ematen ahalegintzen gara.
Batzuetan gertatzen da norbait etortzea bulegora eta pentsatzea gu libre gaudela, baina agian ez gaude libre; igual bilera birtual batean nago bezero batekin, agian bezeroak ezin duelako bulegora zuzenean etorri. Nik bezero batekin hitzordu bat ipini dezaket eta PC bidez elkarrizketak online egin, segurtasun osoz.
Bestalde, kexa asko jasotzen ditugu falta diren entitateetako bezeroengandik. Hau da, gure bezero ez diren pertsona asko etortzen zaizkigu bere entitateari dagozkion zerbitzuak guk emateko eskatzera, baina horiek ez ditugu guri egindako kexatzat hartzen. Laboral Kutxan herritarrekiko hurbilak izaten ahalegintzen gara, baina ezin dena pretenditu da bezero ez denari bezero denari ematen dizkiogun zerbitzu berak ematea, adibidez, erreziboak kobratzerakoan eta.
Etorkizuna herrietako bulegorik gabe imajinatu behar dugu?
Ez, pentsatu nahi nuke ezetz. Gure espektatiba ez da bulegoak ixten jarraitzea. Gu Euskadin gaude batez ere, baina lurralde honetatik kanpo ere baditugu bulego batzuk eta presentzia gutxitu beharrean handitzen ari da berriz. Guretzat, arreta kanal oso inportantea da bulegoa, bertan bezeroarentzako balio erantsia erakutsi daitekeelako.