Saretzen gehigarriak

15 urtean, bulegoen erdiak itxi dituzte

Ubane Madera eta Egoitz Unamuno 2024ko uzt. 10a, 10:13

Urtez urte, bankuek geroz eta bulego gutxiago dituzte Euskal Herrian, eta Debabarrena ez da salbuespena. 2008tik, 30 bulego itxi dituzte bailaran eta horietako bat Deban (Sabadell Guipuzcoano). Zabalik dauden bulegoetan zerbitzuak murriztu dituzte, batzuetan gehiago eta beste batzuetan gutxiago. Herritarrak eta merkatariak kexu dira eta bankuek digitalizazioa aipatzen dute arrazoi nagusi gisa.

2008tik, nabarmen gutxituz joan dira banketxeak eta haien zerbitzuak Hego Euskal Herrian (EAE eta Nafarroa).

Espainiako Bankuaren datuen arabera, Hego Euskal Herriak banku bulegoen ia erdia galdu du azken hamabost urteotan: 2.673 ziren 2008an eta 1.374, berriz, 2023an. Hala, 1.299 bulego gutxiago daude, eta jaitsiera %48,57koa izan da. EAEri dagokionean, gaur egun 2008an baino 1.034 bulego gutxiago daude, beraz, kopurua %51 murriztu da.

Debabarrenean 30 bulego gutxiago

Debabarrena ez da salbuespena jaitsiera horretan eta ehunekoak aurrez aipatutakoen oso antzekoak dira. Izan ere, 2008tik 2023ra bitartean, Mallabitik Mutrikura bitarteko zortzi udalerrietako banketxeen bulego kopuruaren ia erdia itxi dute (ikus azpiko grafikoa). 2008an, 65 bulego zeuden eta, azken datuen arabera (2023), 35 bulego daude, 30 gutxiago. Jaitsiera %46koa izan da bailaran.

Inguruko eskualdeetan ere itxi dituzte bulegoak. Debagoienean jaitsiera Debabarrenean baino apalagoa izan da, %36koa, eta Durangaldean, berriz, zerbait altuagoa, %49koa. 

 

 

Eibarren itxi dituzte gehien

Bailarako herriz herriko datuei erreparatuta, herririk populatuenak dira bulego kopuruan beherakadarik handiena izan dutenak, eta horien artean Eibar izan da bulego gehien galdu dituena. 2008an, 28 bulego zeuden Eibarren eta gaur egun 11 bulego baino ez daude; hala, azken hamabost urteetan, 10.000 biztanleko 10,2 bulego izatetik, 4 bulego izatera pasatu da. Bigarren jaitsierarik handiena Elgoibarren gertatu da, eskualdean bulego gehien izan dituen herrian, hain zuzen. 2008an, Elgoibarrek 12 bulego zituen eta hamabost urteren buruan 7 izatera pasatu da, bidean 5 bulego itxi eta gero. Ondorioz, 10.000 biztanleko 10,9 bulego izatetik, 6,1 bulego izatera pasatu da. Gauza bera gertatu da Ermuan ere, 11 bulegotik 5 itxi egin dituzte eta orain 6 bulego dituzte. Momentu honetan, 10.000 biztanleko bulego kopururik txikiena duen herria da Ermua, 3,8rekin.

Mutrikun eta Deban antzera 

Jaitsiera ez da horren nabarmena izan tamaina ertaineko herrietan eta zenbait herri txikitan. Esaterako, Mutrikun eta Mendaron duela 16 urte zegoen bulego kopuru berbera dago gaur egun, lau Mutrikun eta bakarra Mendaron.

Deban, berriz, bakarra itxi dute azken urteotan eta bost izatetik lau izatera pasatu dira –Itziarren, ostera, ez dago bulegorik, eta kutxazain bakarra dago (Kutxabankena) Kalebarrenean–. Horrela, momentu honetan, Mutrikuk eta Debak dute eskualdean 10.000 biztanleko kopururik handiena, 7,5 eta 7,4, hurrenez hurren. Mallabian, berriz, lehen ez zegoen bulegorik eta orain ere ez dago.

Soraluzen erdiak itxi

Soraluzeri dagokionean, jaitsiera Debabarreneko batez bestekoa baino lau puntu altuagoa izan da, %50ekoa, hamabost urteotan bulego kopurua justu erdira jaitsi baita. 2008an, 4 bulego zeuden herrian; gaur egun, berriz, 2 bulego besterik ez daude, Kutxabankena eta Laboral Kutxarena. Ondorioz, Soraluzen 10.000 biztanleko tasa 5,3koa da.

Murrizketak leihatilako zerbitzuan

Herrian bulegoak mantendu dituzten bankuek ere, gehiago edo gutxiago, murriztu egin dituzte herritarrei leihatilan eskaintzen dizkieten zenbait zerbitzu, batez ere eguneroko diru mugimendu arruntekin lotutakoak: transferentziak, erreziboen ordainketak, dirua ateratzea eta sartzea, kanbioak...

Adibidez, Kutxabankek gaur egun astean hiru egunetan ematen du eragiketa horiek egin ahal izateko aukera (astelehen, asteazken eta ostiraletan) eta ordutegi zehatz batean: 08:30etik 11:00etara. Laboral Kutxak leihatilako zerbitzu zabalagoa dauka, asteko bost egunetan ematen baitu arreta; han ere ordutegi murriztua dute, baina zabalxeagoa: 08:30etik 12:00etara (bezero ez direnentzako, 08:30etik 10:00etara). BBVAren kasuan, astelehenetik ostiralera eskaintzen dute zerbitzua, 08:30etik 11:00etara, eta CaixaBankek dauka gaur egun ordutegi zabal eta malguena Deban; azaldu dutenez, edozein mugimendu egiteko aukera ematen dute leihatilan, astelehenetik ostiralera, 08:15etik 14:30era bitartean.

Aipatutako ordutegiak uda sasoikoak dira. Banketxe batzuek arreta eta zerbitzu zabalagoa izan ohi dute neguan, batzuetan arratsaldez ere jarduten baitira.

 

 

Digitalizazioaren ondorio

Lina Amenabar Soraluzeko Laboral Kutxako zuzendariaren esanetan, digitalizazioak "ikaragarri" aldatu du banketxeen lan egiteko modua, batez ere mugikorrak bezeroei "online bankaren bitartez kontsultak eta eragiketak egiteko aukera" eman dienetik. Azaldu duenez, gaur egun, bulegoetako lana bestelako zerbitzu batzuk eskaintzera ari dira bideratzen gero eta gehiago: "Aholkularitza, etxebizitza bat erostea, laneko inbertsioren bat, aseguru bat kontratatzea…". Leihatilako zerbitzuari dagokionean, Amenabarrek dio "murriztapenen" barruan, Laboral Kutxan bezeroei laguntzen ahalegintzen direla: "Irekita gauden bitartean, etortzen den norbaiti ezin badiogu leihatilatik dirua eskura eman, kutxazain bidez egiten laguntzen diogu, transferentziak guk egiten dizkiogu edo horretan laguntzen diogu…". Ez du uste etorkizunean Laboral Kutxak herrietako bulegoak itxiko dituenik, bere ustez "arreta kanal oso inportantea" direlako eta "bertan bezeroarentzako balio erantsia erakutsi daitekeelako".

Kutxabanken kasuan, Garikoitz Furonesek adierazi du leihatilako ordutegiz kanpo doazen bezeroei laguntzen "ahalegintzen" direla. Erreportaje hau osatzeko beste zenbait galdera ere bideratu zaizkio Kutxabanki, baina oraingoz, ez dugu erantzunik jaso.

Lokalak hutsik

Bankuen bulegoak ixteak zerbitzuetan ez ezik, herriko paisaian ere izan du eragina. Historikoki bankuek herrietako kale nagusietan jarri izan dituzte beren bulegoak eta Deban ere halaxe izan da. Gaur egun, Sabadell Guipuzcoano zenaren bulegoa hutsik dago Gudarien Plazan. 2021ean itxi zuten, entitateak ezarri zuen ERE baten testuinguruan. Ordutik, lokala hutsik dago eta gaur-gaurkoz salgai dago Interneten.