Itziarko Auzo Udalak jakinarazi du etzi, otsailaren 14an, batzarra egingo dutela Burugorri eraikinean. Gai ordenean lau puntu nagusi daude: Itziarko Auzo Udalaren 2024ko aurrekontuen aurkezpena, Arantza Egaña Itziarko auzo alkatearen azalpenak, Alazne Txurruka Debako alkatearen azalpenak, eta herritarren galderak zein ekarpenak. 19:00etan hasiko da batzarra, eta herritar guztiak gonbidatu dituzte bertan parte hartzera.
Batzarrerako deialdia egitearekin batera, 2024ko aurrekontuen balorazioa ere egin du Itziarko Auzo Udaleko talde eragileak. Urtarrilaren 31n onartutako aurrekontu berriekiko bere desadostasuna adierazi du, batik bat aurrekontuak onartzeko baliatu den prozedurari dagokionean.
Hona hemen auzo udalaren balorazioa:
Joan den urtarrilaren 31n onartu zituen Debako Udal Gobernuak 2024ko aurrekontuak. Dakizuenez, horiekiko portzentaian dagokio Itziarko Auzo Udalari bere kopurua. Honenbestez hauexek dira legealdi berriko lehen aurrekontuak, bederatzigarren zuzkidura izanik, antolaketa berria 2015. urtean martxan jarri zenetik. Egindako bidea egonkortu eta eraikitzen ari den erakundearen adierazle.
Aurrekontu berrien onarpena normalizazio instituzionalaren seinale izanik ere, bere desadostasuna adierazi du Itziarko Auzo Udalak, aurrekontu hauek onartzeko baliatu den prozedura dela eta. Izan ere, joan den legealdian Debako Udalaren eta Itziarko Auzo Udalaren artean sinatutako hitzarmenaren oinarriak ez ditu betetzen. Gogorarazi behar da balio handiko hitzarmena dela entitate txikiaren garapenerako, inplikatutako alderdi politiko guztiek berretsia, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza alorraren bermearekin.
Hitzarmen horretan jasotzen da, Debako Udalaren aurrekontu orokorraren portzentaiaz gain, udal langileen dedikazio portzentaia ere badagokiola auzo udalari. Eta dedikazio horren ezaugarriak oraindik guztiz mamituta ez dauden arren, bien bitartean zatikako arduraldi bat negoziatu zen, langileek auzo udaleko jarduerei eskaintzen dioten denboraren portzentaiaren araberako formularen bidez. Formula hori erabili dugu azken hiru urteetan aurrekontuaren zenbatekoa adosteko. Baina aurrekontu berrietan ez da halakorik aplikatu, kalkulua nahierara ebatziz eta auzo udalari dagokion kopurua murriztuz.
Debako Udalaren 2024ko aurrekontuek %5,73ko igoera izan dute aurten, Foru Funtsetatik jasoko dituen gehigarriei esker. Itziarko Auzo Udalari etorri zaion eskaintza iazko berbera da ordea, igoerarekin egokituko litzaiokeena baino 97.528 euro gutxiago. Udal langileek auzo udalari eskaini beharreko dedikazioaren aurtengo kostua 196.329 eurokoa litzateke. Hor dira aparejadorea, teknikaria, harrera bulegoko administraria, brigadaren ehunekoa, idazkariaren ehunekoa eta diruzainaren ehunekoa. Eta kopuru hori bere horretan ezartzen bazaio formulaz dagokion 1.343.857 euroko aurrekontu orokorrari, 1.147.528 eurokoa litzateke gainontzeko oinarria. Aldiz, Debako Udalak erabaki duen oinarria 1.050.000 eurokoa da. Horrek inbertsio edo gastuetarako ahalmena gutxitzen dio auzo udalari.
Horrez gain, kontuan izan behar da gastu orokorrek igoera nabarmena izan dutela (hondakin kudeaketaren aurrekontua %13 garestitu da, 50.000 euro inguru, lehendik ere auzo udalaren aurrekontuaren %40tik gora hartzen zuelarik; bestalde, bistakoa da bide konponketa eta edozein obratarako materialaren garestitzea). Era berean, zenbait dirulaguntza kobratzerakoan atzerapenak izan ditugu; gauzak honela, inbertsioetarako eta bide konponketetarako dirurik gabe geratu gaitezke, besteak beste.
Hala ere, Debako Udaleko Gobernu Batzordearekin elkarrizketan informalki adieraziz, eta ondoren urtarrilaren 31ko Debako Udalaren Osoko Bilkuran berretsiz, agindu zaigu Itziarko Auzo Udalari aparteko partiden bidez lagunduko zaiola urtean zehar, bestela gauzatzea posible ez den proiektu ezberdinetan, hala nola bide konponketak, Lasturko erabilera anitzeko gela, eta abar, tokatzen den kopurura iritsi arte.
Horregatik Itziarko Auzo Udalak halabeharrez Osoko Bilkuran onartutako aurrekotua 1.050.000 eurokoa den arren, atxikitako taulan zehazten dizuegunaren zenbatekoa 1.147.528 eurokoa da, aurtengorako aurreikusitako inbertsioak kontuan hartzen dituena, falta den kantitatea Debako Udalak jarriko duelako urtean zehar.
Taulan ageri dira 2024ari begira egin nahi diren inbertsioak. Gehienak urteroko gastu korrontearen baitan kokatzen dira, hala nola zerbitzu ezberdinak, alokairuak, kontratuak eta bestelako eskaintzak. Bestetik, hasieratik lehentasun den baserri bideen konponketak aurreikusi dira. Hauek Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzen irizpideen baitan egin ohi dira, betiere auzo udalak lan horiek aurretik kudeatu eta finantzatzeko partidak bermatzen baditu.
Aurrekontuon horniduraz gain, hainbat dirulaguntza eskaera tramitatuko ditu Itziarko Auzo Udalak 2024an ere, besteak beste, landa eremuko Erein eta Leader dealdietara, lehendik izendatuta ditugun asmoak finantzatu eta hobetzeko. Horien adibide dira herri-lur bihurtzeko sailen erosketak, urtean zeharreko kultur ekimenak edota kirol eraikinak berritzeko laguntzak. Era berean, orain arte bezala, eskola eraikinen mantenu eta hobekuntza lanetarako Hezkuntzaren dirulaguntzetarako bidea egingo da.