Atzo, urtarrilak 31, udaletxean egindako osoko bilkuran onartutako udal aurrekontuari esker, "Debak hasiera berria" izango duela nabarmendu du Alazne Txurruka alkateak. "EH Bilduren aurreko udal gobernutik jasotako gorabeheren gainetik, aurrekontu hauek Deba biziberritzeko lehen urrats garrantzitsua dira: aurrekontuen ikuspegi berri honekin, herritarren oinarrizko beharrei erantzun nahi zaie, eta esparru sendo bat eman nahi da debarrek beren bizi-proiektuak beren udalerrian osotasunez eta konfiantzaz garatzeko aukera izan dezaten". Erantsi duenez, onartutako aurrekontuak "zifra bat baino gehiago dira; azken urteetan gure herriak izan duen joera dekadentearekin amaitzeko dugun konpromisoaren isla dira".
Udal gobernua osatzen duten EAJ-PNV eta Orain Deba alderdien babesarekin, eta EH Bildu koalizioaren abstentzioarekin, onartu dute 9.946.508 euroko udal aurrekontua 2024rako. Kopuru horretatik, 1.060.000 euro Itziarko Auzo Udalera bideratuko dituzte, eta 669.608 euro Deba Musikal Patronatura.
Aurrekontuen zenbatekoak azaltzerakoan, aurten gizarte-politiken arloan egingo den ekarpena azpimarratu du alkateak: "Aurten, %15,6 handitu dugu gizarte-politiken gastua, 2023ko datuekin alderatuta, 590.667 euroko aurreikuspenarekin. Garrantzitsua da nabarmentzea alokairurako laguntzetara bideratutako partidak nabarmen handitu direla, bikoiztu baino gehiago egin baitira aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Era berean, Eguneko Zentroaren zerbitzuak eta dibertsitate plana indartu ditugu, Deban pertsona guztien inklusioa eta aukera berdintasuna bermatuko duten neurri batzuk garatzeko helburuarekin".
Ikusi HEMEN osoko bilkuraren bideoa
Era berean, gobernu taldearen iritziz, garapen ekonomiko eta turistikoarekiko konpromisoa ere islatzen dute aurrekontuek. "Arlo horietan egindako inbertsioa %46 handitzea erabaki dugu, eta erabaki horrek erakusten du Deban garapena eta oparotasuna bultzatzeko erabakia hartu dugula. Esparru horren barruan, gure tokiko negozioei eta ekoizleei laguntzeko partidak %66ko igoera izan du. Hori tokiko ekonomiari ematen diogun babesaren seinale garbia da, enpresa txiki eta ertainek Debako ehun ekonomikoan duten funtsezko garrantzia aitortuz. Gainera, turismo-sustapenak aurrekaririk gabeko bultzada jaso du, aurreko aurrekontua hamar aldiz biderkatuz. Gorakada nabarmen honek gure nahia erakusten du: Deba bizitzeko leku ezin hobea izateaz gain, bisitarientzako herri erakargarria izatea", adierazi du Txurrukak.
"Inbertsio berriak, estrategikoak"
Udaletik bideratutako prentsa oharrean laburbildu dutenez, "aurten inbertsioak 893.846 eurokoak izango dira; 2023an aldiz, 134.574 euro bideratu ziren". "Diru-sarrera eta gastu arrunten artean superabitik egongo ez denez, eta trantsizioko aurrekontuak direnez, inbertsio berriak iazko ekitaldiko gerakinaren kontura" egingo direla azaldu dute.
Inbertsioen arloan, ondorengo sailetara bideratuko dituzte ekarpenak: Zaintza-ekosistemara (gizarte-politikak) 100.000 euro, Eraginkortasun Energetikoaren Proiektura (Ingurumena) 223.000 euro, Irulearen kaperan egin beharreko konponketetara (Hirigintza) 46.315 euro, Irisgarritasun Planera (Hirigintza) 18.000 euro, Gipuzkoako Urak-era (Alameda) (Hirigintza) 18.000 euro, Casa Campoko behatoki berrira (Turismoa) 14.000 euro, Karsta eta Gizakia egitasmora (Turismoa) 30.000 euro, eta Etxebizitza planera (Gizarte zerbitzuak) 15.000 euro.
Bestalde, udal plantilla ez handitzea erabaki du udal gobernuak. "Izan ere, aurreko legegintzaldian sortutako egiturak udal-baliabideen zati handi bat horiek mantentzera bideratu behar ziren, gure toki-administrazioaren bideragarritasuna eta iraunkortasuna arriskuan jarriz. Garrantzitsua da gogoratzea, EH Bilduren kudeaketapean, udaleko plantilla 43 langiletik 51ra igo zela, eta horrek 8 lanpostu eta 791.090,1 euroko gastu hazkundea ekarri zuela. Igoera hori ez zen justifikatu lortutako emaitzen arabera, eta, horregatik, giza baliabideen kudeaketa eraginkorrago eta iraunkorrago baten alde egin dugu".
"Lau bilera oposizioarekin"
Udal aurrekontuak adosteko prozesuari dagokionean, alkateak azpimarratu du EH Bildurekin lau bilera egin dituztela abenduaren 19tik urtarrilaren 19ra bitartean, "gure udalerriko finantza plangintzan hainbat ikuspegi txertatzeko ahaleginean". Nolanahi ere, bere esanetan, "oraingo honetan oposizioaren ekarpenak galderak eta zalantzak planteatzera bideratu dira. Udal gobernu taldetik erantzun eta argitu ditugu kezka hauek, prozesu garden eta eraikitzaile bat mantentzeko helburuarekin. Hala ere, azken lau urteetan EH Bilduk izandako esperientziak eta zinegotzietako bat %70ean liberatua izateak ez du lagundu prozesuan lankidetza aktiboago bat izaten, ezta proposamenak egiteko orduan ere”.
Gainontzean, Txurruka elkateak esker oneko hitzak izan ditu, besteak beste, Orain Deba taldearentzat, "lan egiteko eta lankidetzan aritzeko duen gaitasunagatik. Agerikoa da aurrekontuen lanketan, zein udalerriaren eguneroko kudeaketan ere".