Udal aurrekontuen inguruko balorazioa egin du EH Bilduk

Berriketan 2024ko ots. 1a, 11:58

EH Bilduren abstentzioarekin onartu zuten atzo arratsaldean 2024rako udal aurrekontua. Hona hemen koalizio abertzaleak plazaratu duen irakurketa:

Aurrekontuari eta partidei dagokienean:
• EH Bilduk egindako proposamenak partzialki izan dira aintzat hartuak. Hitzez gure ekarpenak kontuan hartuko direla adierazi zaigu, baina ekarpen horiek partzialki ikusten dira zenbaki eta partidetan.
• Etxebizitza plana: azterketa soila izatetik plana izatera igaro izana garrantzitsua iruditzen zaigu. Gure ustez, partidan ez da nahikoa diru aurreikusten, baina beharraren arabera partida doitzeko konpromisoa adierazi zuen alkateak. Gure udalerriko egoera larriari irtenbidea ematen hasteko ezinbesteko bitartekoa da.
• Udalerri osoko azterketa sozio-ekonomikoa: aurreko agintaldian hartutako konpromisoei jarraituta HAPOaren aurre-lanketarako ezinbesteko tresna izango da etxebizitza planarekin batera. Partidan ez da nahikoa diru aurreikusi.
• Zumardiko jolas parkea: udal gobernuak 50.000€ aurreikusi ditu zumardia “edertzeko”. Partida hori jolas parkearen inguruan egindako partaidetza saioetatik ateratako emaitzak inplementatzeko erabili dadila eskatu dugu. Alkateak gure ekarpena kontuan izango zuela adierazi zigun, zehazki inon jaso ez bada ere.
• Ludoteka proiektua: aurreko agintaldian indar politiko guztiek zerbitzu honen beharra identifikatu eta proiektuarekin aurrera jotzeko konpromisoa hartu zuten. Udal gobernuak “dirurik ez dagoela” argudiatuta, aurten proiektu honi ez diola helduko adierazi du. Ez dugu ikuspegi honekin inondik inora bat egiten, eta EAJren irizpide aldaketa ulergaitza iruditzen zaigu, are gehiago hain argudio ahula baliatzen duenean.
• Itziarko Auzo Udalaren aurrekontua: azken urteetan elkarlanean adostu izan da, aurten ez bezala. Langileen kostuaren kalkuluari dagokionez, gure ekarpenen ondoren, irizpide bateratuaren alde jo izana ondo ikusten dugu. Aurrekontuaren kalkulua egiteko erabilitako irizpideak, ordea, erabat arbitrarioak dira eta kezka sortzen digute.
• Deba Musikal Patronatuko aurrekontuak ez dira EH Bildurekin landuak izan.

Negoziaketa prozesuari eta udal gobernuaren jarrerari dagokionean:
• EAJk eta bereziki alkateak pertsonalki gidatutako prozesua izan da. Alderdien arteko elkarrizketarako eta eztabaidarako tarte gutxi izan dugu: udal gobernuaren proposamenarekin bat egiten ote genuen jakitea zirudien helburu bakarra. Orain Debaren iritzirik ez dugu jaso prozesu guztian zehar.
• Udal gobernuak egindako proposamenaren nondik norakoen azalpenak jaso beharrean, aldatu diren partiden eta irizpideen arrazoiak galdetu ondoren bakarrik jakin ditugu. Hala ere, egin ditugun galderei erantzuna eman zaie.
• Negoziaketarako borondate gutxi sumatu dugu, gure bozkaren zentzua positiboa izan dadin akordiotara heltzeko borondate urria ikusi dugularik. Udal gobernuak ezarritako epeak jarraitu ditugu, behin baino gehiagotan bidalitako dokumentazioa aztertzeko eta gure proposamenak egiteko apenas denborarik izan ez badugu ere.
• EH Bilduk jarrera eraikitzailea izan du prozesuan zehar galderak, ekarpenak eta proposamenak eginez. Egiteko moduei dagokienean edo proposamen zehatzetan gure iritzia argi adierazi dugu, betiere arrazoiak emanez.

Hau guztia kontuan izanik:
• Uste dugu udal gobernuak, eta batez ere alkateak, herritar gehien ordezkatzen dituen indarra den EH Bildu aintzat hartzeko ariketa sakonagoa egin beharko lukeela.
• EAJk koherenteago beharko lukeela uste dugu, batez ere oposizioan egon denean exijitu duenagatik. Gure iritziz, lankidetzarako gune eta tarteak eskaini behar dira, frontoi dinamikak alboratuz.
• Udalerriarentzat estrategikoak diren alorretan aurrera egiteko aukera ikusten dugu, eta horrela izan dadin lan egingo du EH Bilduk.
• EH Bilduren orain arteko elkarlanerako borondateari helduz, eta herriak eskatzen digun arduragatik, udal gobernuari konfiantzazko botoa eman eta aurrekontu proposamen honen aurrean abstentzioa bozkatu dugu.