Maiatzaren 28ko udal hauteskundeak igaro eta ia hiru astera, larunbatean (ekainak 17) egingo dira udalbatza berriak osatzeko kargu hartze ekitaldiak. Deban ere egun berean egingo dute, 12:00etan hasita, udaletxeko areto nagusian. Hain zuzen ere, egun eta ordu horretan hartuko dute kargua 2023-2027 agintaldian Debako udalbatza osatuko duten hamahiru hautetsiek.
Bilkurak puntu bakarra izango du eta beti egin izan ohi den moduan, adin-mahaia eratuko da lehenengo. Kredentzialak eta aitorpenak aurkeztu ostean, korporatiboek jabetza hartu eta alkatearen hautaketa egingo da bozketa bidez. Osoko bilkura guztiak bezala, larunbatekoa ere publikoa eta irekia izango da, beraz, interesa duten herritar guztiek bertaratzeko aukera izango dute.
Honako hamahiru herritarrek osatuko dute udalbatza berria:
Aldaketak zinegotzietan. Kargua hartuko duten hamahiru kideetatik gehiengoak utziko dio udal ordezkari izateari. 2019-2023 agintaldian udal hautetsi izan diren lauk bakarrik jarraituko dute karguan; zehazki, EH Bilduko Gilen Garciak, Itziar Irizarrek, Antxoka Elorzak eta Aritz Larrañagak.
Horrenbestez, bederatzi hautetsi berri izango dira hurrengo agintaldian Debako Udaleko ordezkari. EAJ ordezkatuko dute udalean lehen aldiz Alazne Txurrukak, Asier Urainek, Monica De Pradok, Jon Riañok, Anton Garayk eta Ainhoa Urbietak eta Orain Debako Isidro Aristik. Zinegotzi moduan errepikatuko duten lau hautetsiekin batera Oihana Irustak eta Edurne Aristik osatuko dute EH Bilduko taldea.
Itziarko Auzo Udala. Itziarren, berriz, 13:30ean izango da Itziarko Auzo Udaleko alkatearen kargu hartze ekitaldia. Apaizetxeko batzar aretoan egingo dute bilkura, eta publikoa eta irekia izango dela azpimarratu dute. Auzo udaleko ordezkariek herritar guztiak gonbidatu dituzte saiora.
Denon Herriak aurkeztutako alkategaiak 451 herritarren babesa jaso ostean, Arantza Egaña izango da beste lau urtez Itziarko Auzo Udaleko alkate. Auzo alkatearekin batera ariko diren lau juntakideak, aldiz, “dagozkien alderdiekin hitzartuta” izendatuko dituzte. Egañak berak azaldu duenez, “uztailaren hasieran edo erdialdean egingo den osoko bilkuran hartuko dute kargua”.
Honekin lotuta: EH Bilduk irabazi ditu hauteskundeak Deban eta Arantza Egaña izango da beste lau urtez Itziarko Auzo Udaleko alkate.