Arantza Egaña izango da beste lau urtez Itziarko Auzo Udaleko alkate

Berriketan 2023ko mai. 29a, 14:27
Denon Herriak aurkeztutako alkategaiak 451 herritarren babesa jaso du eta, horrenbestez, Arantza Egañak jarraituko du alkate karguan hurrengo lau urteetan ere. Emaitzak eskuan, balorazio positiboa egin du: “Abstentzio maila nabaritu den arren, onespen zabala jaso du auzo udalerako proposamenak”.

Beste behin ere, auzo alkatea hautatzeko hirugarren hautetsontzi bat izan dute itziartarrek udal hauteskundeetan eta babes zabala lortu du Denon Herria plataformak aurkeztutako proposamenak. %62,3ko parte-hartzea izan da Itziarko hautes barrutian, eta botoen %92,80rekin babestu dute (451 boto, duela lau urte baino 31 gutxiago) plataformaren hautagaia. Ondorioz, bera izango da beste lau urtez Itziarko Auzo Udaleko alkatea. “Emaitza hauekin duela lau urteko datuak sendotzen ditugu. Honenbestez, bere hirugarren agintaldiari egingo dio aurre Itziarko Auzo Udalak”.

Emaitzak eskuetan, balorazio “positiboa” egin du Egañak. “Hauteskunde hauetan orokorra izan den abstentzio maila nabaritu den arren, onespen zabala jaso du auzo udalerako proposamenak. Honela, egindako lana berretsi dute herritarrek eta datozen lau urteetan ildo beretik lanean jarraitzeko konfiantza adierazi”.

Euren proposamen politikoak jasotako babesa eskertu eta, aldi berean, “borondatezko lana eta herritarren konpromisoa” azpimarratu nahi izan ditu Egañak. “Aurrerantzean ere ezinbestekoa izango dira parte-hartzea eta elkarlana. Hasteko, Debako Udaleko taldeekin abiatuko ditugu elkarrizketak. Aurrera egiteko beharrezkoak ditugun adostasunak bilatuko ditugu. Izan ere, hauteskundeen testuinguruan abiatua du eraberritze prozesua Itziarko Auzo Udalak”.

Auzo alkatearekin batera ariko diren lau juntakideei dagokienean, orain arte bezala, “dagozkien alderdiekin hitzartuta” izendatuko dituztela iragarri du Egañak. “Hortik, zabalagoa den Itziarko Auzo Udalaren lantaldea osatuko dugu”.