Debako EH Bilduk akordioa erdietsi du EAJ eta Orain Debarekin 2025eko udal aurrekontuaren harira

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Deba 2024ko abe. 19a, 19:31

2025eko udal aurrekontuaren negoziazioaren baitan, Debako EH Bilduk akordioa erdietsi du udal gobernua osatzen duten EAJ eta Orain Debarekin.

Debako EH Bilduk akordioa sinatu du udal gobernua osatzen duten alderdiekin 2025eko aurrekontuaren harira hainbat konpromisoren baitan.

Azaroaren amaieran aurkeztu zuen udal gobernuak aurrekontuaren lehen zirriborroa, eta abenduan zehar lan bilera ezberdinak egin dituzte. Debako EH Bilduk akordio proposamena aurkeztu zion udal gobernuari, eta zirriborro horren baitan garatu da behin betiko akordioa.

Udalerriarentzat eta herritarrentzat albiste ona dela adierazi du koalizio abertzaleak, izan ere, lehentasunak zerrendatu eta adostasunera heltzeko gaitasuna erakutsi dute alde guztiek.

Debaren erronka nagusiei heldu eta erantzun bateratua ematen jarraitzeko unea dela uste du EH Bilduk. “Aurreko agintaldiaren amaieran diagnosi partekatua egin zen Dagigun kooperaziorako gunearen baitan eta bertatik jasotako mandatuari erantzuteko lanean dihardugu ordutik” adierazi dutenez. Pasa den urteko aurrekontuen negoziaketetan akordio saiakera egon zen EH Bilduren partetik, baina ez zen akordiorako aukerarik egon, hala ere, koalizioak abstentziora jo zuen udal gobernuari konfiantzazko bozka emanez.

Esan dutenez, “Orokorrean formetan eta prozeduratan gabeziak identifikatzen baditugu ere, gure lana herritarrentzat hoberena dena lortzea da eta udal gobernuaren jarrera aldaketa ikusirik, berau baliatu behar genuela uste genuen”. Pasa den urtean adostea lortu ez ziren hainbat gai aurtengo akordioan txertatzea lortu dute eta hori albiste pozgarria dela adierazi dute.

Hauek dira hartutako konpromiso nagusiak:

  • HAPOaren aurrelanketari loturik, Etxebizitza planari jarraipena ematea eta lanerako egutegia finkatuta izatea, eta udalerri osoko azterketa sozioekonomikoa egitea.
  • Zaintzaren alorrean, Eguneko Zentroa asteburutan irekitzeko bideragarritasun plana egitea.
  • Hirigintza alorrean, Agirretxeko ur depositua eraikitzen hastea lehendabiziko hiruhilekoan eta Aldats pilotalekuaren gainean gune-balioanitza sortzeko aurreproiektuaren zirriborroa egitea.
  • Herriko eragileei dagokienez, hainbat partida osatzea: Kultur Ekin programa, Zuhatza Euskara Elkartea, Goaz antzerkia euskaraz, kultur taldeentzako diru-laguntzak eta giza eskubideen alorrean lanean dabiltzan eragileentzat diru-laguntzak.
  • Udal antolaketari lotuta, Lanpostuen Zerrenda eguneratua 2025aren hasieran onartzea eta urtea amaitzerako lanpostu bakoitzaren balorazioa egitea.
  • Trantsizio energetikoaren alorrean, tokiko energia komunitatearen sorrera bultzatzea.

Akordioak 2025eko aurrekontuak aho batez onartzea ahalbidetu du eta elkarlanerako dinamika baten oinarriak finkatzeko balio dezakeela uste du Debako EH Bilduk.