Udalbatzak atzo (abenduak 19) egin zuen abenduko ohiko osoko bilkura eta, beste hainbat gairen artean, 10.469.853 euroko aurrekontu bateratua (Itziarko Auzo Udalaren eta Deba Musikalaren aurrekontua barne) onartu zuen EAJren, Orain Debaren eta EH Bilduren aldeko botoekin.
Alazne Txurruka alkatearen iritziz, akordioa aho batez onartzeak gobernu taldeak oposizioarekin duen "jarrera irekia" eta haien proposamenak entzun eta aintzat hartzeko duen "borondate irmoa" islatzen du. "Badakigu udal aurrekontua gure udalerriaren garapenerako funtsezko tresna dela, eta, horregatik, elkarrizketa eta lankidetza ariketa bat egin dugu, herritar guztien beharrei modu egokienean erantzun ahal izateko. Horren emaitza gisa, EAJ, Orain Deba eta EH Bilduren arteko akordio bat sinatu dugu, datorren urterako asmo sendoekin".
Puntu nabarmenenak
Azken urteetan bezalaxe, aurrekontuaren zatirik handiena antolakuntza arlora bideratuko da; guztira, 5.062.915 euro bideratuko dira udaleko langileen gastuak eta udaleko zerbitzuen kudeaketa egokia ziurtatzen duten beste hainbat gastu estaltzeko.
Geroz eta herri nagusiagoa daukagula kontuan hartuta, inbertsio garrantzitsuenetako bat Debako Zaintza Ekosistema definitzea izango dela esan dute.
Aurrekontuko beste oinarri bat Lurraldetasun arloa da; 2.453.940 euro bideratuko dituzte hirigintzako azpiegiturak eta zerbitzuak garatu eta hobetzeko. Herritartasun sailera, aldiz, 1.898.661 euro bideratuko dituzte. Partida horren baitan jasotzen dira, besteak beste, hezkuntza, kultura eta kirol zerbitzuak. Berdintasun eta Gizarte Zerbitzuetara, berriz, beste 751.475 euro bideratuko dituzte kolektibo kalteberen ongizatea eta arreta politikak hobetzeko.
Inbertsio nagusiak
2025erako onartutako aurrekontuek hainbat inbertsio estrategiko aurreikusten dituztela iragarri dute udal iturriek. Azpimarratu dutenez, "Debarren bizi-kalitatea hobetzea, tokiko zerbitzu publiko eta azpiegituren kalitatea bermatzea, irisgarritasuna hobetzea eta Debako garapen urbanistikoa indartzea" da horien guztien asmoa.
Geroz eta herri nagusiagoa daukagula kontuan hartuta, inbertsio garrantzitsuenetako bat Debako Zaintza Ekosistema definitzea izango dela esan dute. "Udal gobernuak arreta berezia jarri nahi Debak adinekoen etorkizunerako behar duen zaintza ereduaren definizioan. Proiektu hau, beraz, funtsezko tresna izango da Deban inor atzean geratuko ez dela bermatzeko", zehaztu du alkateak.
Bestalde, kultura-ekipamenduei buruzko azterketak Debako kultura-eskaintzarako etorkizuneko estrategia bat diseinatzen lagunduko du, baliabideak optimizatzeko eta egungo azpiegiturak herritarren beharretara egokitzeko asmoz.
Udalerriaren eraginkortasun energetikoa eta jasangarritasuna hobetzera bideratutako jarduerek ere leku garrantzitsua izango dute 2025eko aurrekontuaren baitan. "Energia eraginkortasunaren eta jasangarritasunaren aldeko apustuan", besteak beste, Luzaro eskolan eguzki-plakak instalatzea eta kale argiteria publikoan LED argiak jartzea aurreikusten da.
Besteren artean, Eguneko Zentroaren ordutegia asteburuetara eta jaiegunetara luzatzeko azterlana egitea ere jaso da aurrekontuaren baitan
Azpiegituren hobekuntzak ere leku nabarmena izango du. Hondartza kalean eta Maspe kalean segurtasun-barandak jartzeko baliabideak bideratuko dira, udalerriko eremu horietan segurtasun handiagoa bermatzeko. Halaber, Zaraten Mapa eta bibrazioen neurketak egingo dira Deba-Itziarko enpresa-parkean; horri esker, erabaki informatuak hartu ahal izango dira ingurunearen kalitatea eta bertan lan egiten dutenen lan-bizitza hobetzeko.
Deba eta Arronamendia lotzen dituen GR bidea hobetzeko partida bat ere bideratuko da. Horrez gain, Irisgarritasun Plan bat ere egingo da, udalerria pertsona guztientzat irisgarria izan dadin.
Hirigintza-sustapeneko inbertsioen barruan, berriz, Osio eta Amillagako hirigintza-proiektuetan aurrera egitea aurreikusten da, garapenerako eta etxebizitzarako aukera berriak bultzatzeko. Era berean, udalak jarraipena emango dio Debako Etxebizitza Planari.
Bestalde, Eguneko Zentroaren ordutegia asteburuetara eta jaiegunetara luzatzeko azterlana egitea, tokiko komunitate energetikoak sortzeko prozesuari jarraipena ematea edo udalerri osoko azterlan sozio-ekonomiko bat egitea ere jaso dira aurrekontuaren baitan.
Next Generation Funtsetako inbertsioak
Ekintza horiez gain, Europako Next Generation funtsek finantzatutako beste hainbat inbertsio ere jasota geratu dira datorren urteko aurrekontuan. Horien artean daude, esaterako, paseo estalia egokitzea, Gudarien Plaza oinezkoentzat jartzea, Kanalako bidea hobetzea, HABeko inbertsioak eta udalerriko hainbat gunetan argiteria koadro elektrikoak eguneratzea.