Udalak herritarren proposamenak jasoko ditu, aurrekontu parte-hartzaileen prozesuaren baitan

Erabiltzailearen aurpegia Berriketan 2025ko ots. 7a, 09:19

Prozesuaren diseinuaz arduratu den Aztiker aholkularitza enpresako kideak Debako Foruen Plazan izango dira bihar, 12:30etik 14:30era, herritarren ideiak eta iradokizunak jasotzeko.

Debako Udalak jakinarazi du aurrera doala, "martxa onean", Debako aurrekontu parte-hartzaileen prozesua. Aurten lehen aldiz martxan jarritako ekimen honen bitartez, udalak 200.000 euro jarri ditu "herritarren eskura", haiek erabaki dezaten diru hori nola eta zertan inbertitu.

Proposamenak jasotzeko fasearen baitan, bihar (otsailak 8) prozesuaren diseinuaz arduratu den Aztiker aholkularitza enpresako kideak Foruen Plazan izango dira, 12:30etik 14:30era, herritarren ideiak eta iradokizunak jasotzeko.

Aurrekontu parte-hartzaileen ekimena astelehenean (otsailak 3) aurkeztu zen jendaurrean eta, udal gobernuaren esanetan, "harrera ona izan zuen bertaratu zirenen artean". Orain, herritarrek otsailaren 17ra arteko epea izango dute beren proposamenak aurkezteko. Horretarako, bide ezberdinak dituzte aukeran:

  • Bihar Foruen Plazan jarriko duten informazio-mahaian.
  • Idatziz, etxeetara bidalitako formularioa betez, eta turismo bulegoan, kiroldegian, udal liburutegian, Musika Eskolan, udaletxean edo Gizarte Zerbitzuen eraikinean dauden postontzietan utziz. Postontzi horien alboan ere herritarrek eskuragarri dituzte proposamenak egiteko formularioak.
  • Online, udalaren webgunean eskuragarri dagoen formularioaren bidez.

Proposamen fasea amaituta, Berme Batzordeak jasotako ideia guztiak aztertuko ditu, eta, aurrez adostutako irizpideak aplikatuta, 20 eta 25 artean hautatuko ditu. Proposamen horiek udalaren balorazio teknikoa pasako dute eta, ondoren, bozketa fasera igaroko dira.

Debako Udalak prozesuan aktiboki parte hartzeko deia egin die herritar guztiei, "beren ideiekin udalerria hobetzeko eta Deba bizitzeko udalerririk onena bihurtzeko proposamenak egin ditzaten".