Debako Udalak aurrekontu parte-hartzaileak martxan jartzea erabaki du lehen aldiz. Alazne Txurruka alkateak eta Jon Riaño alkateordeak gaur (urtarrilak 29) goizean egindako prentsaurrekoan eman dute udaleko alderdi politiko guztien adostasuna eta babesa jaso duen iniziatibaren berri. Bertan zehaztu dutenez, herritarrek erabaki ahal izango dute hurrengo bi urteetako udal aurrekontuetako (2026 eta 2027) 200.000 euro nola eta zertan inbertitu.
Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, egitasmoaren helburu nagusia herritarren parte-hartze aktiboa sustatzea da. Horrez gain, debarren eta udalaren arteko harremana indartzea, kudeaketa publikoaren gardentasuna sustatzea eta udalerriaren benetako beharrei erantzutea ere baditu xede. "Ekintza honek herritarrak udal erabakietan inplikatzeko behar eta nahiari erantzuten dio, Debaren etorkizuna definitzeko duten funtsezko zeregina aitortuz”, azpimarratu du alkateak.
Prozesu irekia da, eta Deban erroldatuta dauden 16 urtetik gorako bizilagun guztiek parte hartu ahal izango dute. Halere, udal ordezkariek azaldu dutenez, ikasleek ere izango dute "zeresana" prozesuan. Ildo horretan, lanketa herriko ikastetxeetan ere egingo dela adierazi dute, "Debako haurrek ere parte hartzeko eta beren udalerriarentzat garrantzitsutzat jotzen dituzten proiektuei buruzko ideiak adierazteko aukera izan dezaten". Neurri horren bidez, parte-hartze, erantzunkidetasuna eta herritartasun-balioak txiki-txikitatik sustatu nahi dituztela nabarmendu dute.
Prozesuaren funtsezko pieza
Prozesuaren xehetasunak azaltzearekin batera, garrantzizkotzat jo dute "prozesuaren funtsezko pieza" izango den eta dagoeneko eratuta dagoen Berme Batzordearen berri ematea ere.
Aurrekontu parte-hartzaileen prozesua urtarriletik ekainera luzatuko da
Aurrekontu parte-hartzaileen garapena "bidezkoa, gardena eta guztiz ordezkatzailea" izan dadin osatu dute organoa eta, zehaztu dutenez, tokiko eragileetako eta elkarteetako 11 ordezkari eta udaleko bi teknikari batu dira bertan. "Bere lana izango da prozesuaren fase bakoitza gidatzea eta gainbegiratzea, hautaketa irizpideak definitzetik proposamenen azken ebaluaziora arte, erabaki guztiak modu inpartzialean eta guztion onerako hartzen direla ziurtatuz".
Datak eta funtsezko urratsak
Dagoeneko bidea egiten hasita dagoen prozesua urtarriletik ekainera bitarte luzatuko da, eta guztira zazpi fase izango ditu. Honakoak:
- Berme Batzordea sortzea: dagoeneko eratuta dago proiektuaren garapena koordinatzeko eta gainbegiratzeko organoa. Urtarrilaren erdialdean eratu zen, eta bertan zehaztu ziren herritarren proposamenak lehenesteko aplikatuko diren irizpide teknikoak.
- Proposamenak aurkezteko fasea, urtarrilaren 30etik otsailaren 17ra: epe horien baitan herritarrek beren ideiak aurkeztu ahal izango dituzte. Ideia horiek Debako hirigunera mugatu beharko dira (Itziar, Lastur eta gainerako landa-auzoak kanpo utzita) eta ezingo dute 100.000 euroko aurrekontua gainditu.
- Proposamenak lehenestea: Berme Batzordeak jasotako proposamen guztiak aztertuko ditu, eta, aldez aurretik adostutako irizpideak oinarri hartuta, 20 eta 25 ideia hautatuko ditu, bozketa fasera pasatzeko.
- Ebaluazio teknikoa: Udal-teknikariek lehenetsitako proposamenen bideragarritasuna aztertuko dute, ezarritako baldintzak betetzen dituztela eta aurrekontuaren eta udal-eskumenen barruan exekutagarriak direla ziurtatuz.
- Herritarren bozketa, maiatzaren 7tik 21era: Fase honetan, 16 urtetik gorako debarrek parte hartu ahal izango dute, eta udalerriarentzat beharrezkoen do onuragarrien jotzen dituzten proposamenak bozkatu ahal izango dituzte.
- Emaitzen aurkezpena: Azkenik, ekainean, bozketaren emaitzak publiko egingo dira eta hautatutako proiektuak udal aurrekontuetan sartzeko prozesua hasiko da.
- Exekuzioa: Proiektuak 2026 eta 2027ko aurrekontuan txertatuko dira eta lehen proiektuak 2026an exekutatzen hasiko dira.
Proposamenak aurkezteko hiru bide
Udalak hiru bide jarri ditu herritarren eskura bihartik (urtarrilak 30) otsailaren 17ra luzatuko den aurrekontu parte-hartzaileen lehen fasean parte hartzeko. Honakoak:
- Aurrez aurre: otsailaren 3an, 19:00etan, herritarrentzako aurkezpen irekia egingo da Osoko Bilkuren Aretoan. Bestalde, otsailaren 8an, Plaza Berrian ere egin ahal izango dira proposamenak, 12:30etik 14:30era.
- Paperean: prozesuaren berri ematen duen eskuorria etxez etxe banatuko da, eta bertan dagoen inprimakia bete ondoren, herriko udal eraikin desberdinetan jarritako postontzietan utzi ahal izango da. Postontziak honako leku hauetan egongo dira: turismo bulegoa, musika eskola, kiroldegia, udaletxea, Gizarte Zerbitzuen eraikina, udal liburutegia eta Itziarko herritarren arreta zerbitzua.
- Online: eskuorrian agertzen den QR kodea eskaneatuz edo honako estekan sartuz, galdetegia digitalki bete ahal izango da.