Larunbatean (irailak 27), mende erdia beteko da Francoren erregimenak Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi fusilatu zituenetik. Gertaera hori salatzeko eta hildakoak oroitzeko, Gudari Eguneko nazio ekitaldia deitu du Sortuk egun horretarako. "Euskal Herriaren nazio izaeraren aitortza eta autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko baliatuko dugu 50. urteurrena", adierazi dute antolatzaileek.
Hitzordua Iruñeko Anaitasuna frontoian izango da, 17:30ean hasita, 'Askatzera lotuak' lelopean, eta Debako eta Itziarko Sortuk ere herritarrei bertaratzeko deia egin die. "Ospakizun eta aldarri horiekin elkartuko gara ezker abertzaleko hainbat belaunalditako kide; bertan izango gara debarrok eta itziartarrok ere".
Debatik eta Itziartik Iruñera joateko eta handik itzultzeko autobus zerbitzua antolatu dutela jakinarazi dute. Zehaztu dutenez, izena emateko zerrendak Arrano Elkartean eta Ieraenea ekodendan daude eskuragarri. "Ostiral (irailak 26) arratsaldera arte zabalik izango dira zerrendak, beraz, animatu eta eman izena".
Larunbatean, 14:45ean aterako da autobusa Debako paseo estalitik eta, 14:55ean, berriz, Itziarko Hostal pareko geralekuan dauden herritarrak jasoko ditu. Bueltako autobusa, aldiz, 20:00ak aldera izango dela iragarri dute.