Enplegu galera handia ekarri du aurten ere abuztuak. Aste Santutik udara arte langabe kopurua jaisten egon ondoren, abuztuan joera aldaketa izan eta gora egin du langabeziak bai Deban bai inguruan. Abuztuko datuen arabera, 2.658 langabe daude enplegu bulegoetan erregistratuta Debabarreneko sei herritan (Deba, Eibar, Elgoibar, Mendaro, Mutriku eta Soraluze), hau da, uztail bukaeran baino 174 langabe gehiago.
Joera orokorrarekin bat egiten dute SEPEtik (Estatuko Enplegu Zerbitzua) helarazitako datuek, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %3,98 igo baita langabezia tasa.
Azken hilabeteko datuek diotenez, 172 lagun daude langabezian Deban eta langabezia tasa %6,52koa da. Datuak onak izan ez arren, hala ere esan daiteke Debak segitzen duela eskualdeko langabezia tasarik baxuena izaten (%6,52). Ondotik jarraitzen diote Mutrikuk (%7,16) eta Mendarok (%8,91).
Herriz herriko datuak aztertuz, bestalde, Eibarrek eta Soraluzek Debabarreneko langabezia tasarik altuena izaten jarraitzen dute. Eibarrek dauka eskualdeko langabezia tasarik altuena (%12,07) eta ondotik segitzen dio Soraluzek (%11,90). Biek ala biek %10eko langabezia tasa gainditzen dute eta eskualdeko batezbestekoaren gainetik daude (%10,27).
Hona abuztuko datuak herriz herri:
Langabeak | Langabezia-tasa | |
Deba | 172 | %6.52 |
Eibar |
1.513 |
%12,07 |
Elgoibar | 489 | %9,16 |
Mendaro | 88 |
%8,91 |
Mutriku | 188 | %7,16 |
Soraluze | 208 | %11,90 |
Debabarrena |
2.658 | %10,27 |