Bihartik, astebururo greba egingo dute Avanza autobusetako langileek

Ubane Madera Zangitu - Plaentxia.eus 2025ko eka. 13a, 12:07

Bihar (ekainak 14) hasi, eta astebururo, greba egingo dute Avanza autobus enpresako langileek, larunbatetan eta igandetan. Ekainaren hasieran jakinarazi zuten protestaldi berria eta Avanzako Langileen Batzordeko ELA sindikatutik esandakoaren arabera, harrezkero, egoerak bere horretan dirau; hau da, inor ez da langileen ordezkariekin harremanetan jarri egoera bideratzeko, beraz, aurrera jarraitzen dute mugagabeko grebarekin.

ELA sindikatutik esplikatutakoaren arabera, protestaldien bitartez langileek egiten duten eskari nagusia da urteko lanordu kopuru totala 1.592 ordukoa izatea, eta ez gaur egun duten 1.650 ordukoa.

Gogora ekarri dutenez, hiru urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe, horrek dakarren eros-ahalmenaren galerarekin, besteak beste, ez baitiete KPIa eguneratu. Halaber, gogora ekarri dute Lurraldebusen bestelako enpresa batzuetan badutela ordu kopuru hori lortuta.

Diotenez, prest daude jaitsi beharreko ordu kopurua progresiboki jaits dezaten, eta, ez urte batetik bestera denak batera. Adibidez, urtero bost ordu gutxiago, 2027ra bitartean. Halaber, eskatzen dute Diputazioak Avanza enpresarekin sinatu behar duen lizitazio berrian zehaztea 1.592 orduko jarduna.

"Diputazioa pausoa markatzen"

Zentzu horretan eta kontuan hartuta Gipuzkoako Foru Aldundiak beste bost urtez luzatu behar diola lizitazioa Avanzari, ELA sindikatutik uste dute administrazio publikoak zeresan handia duela gatazka honetan eta salatu dute Diputazioa dela pausoa markatzen ari dena eta beste aldera begiratzen ari direla, “ez dute ezertxo ere egin”.