"Helburuak beteta" amaitu da Europako Geoparkeen Astea

Berriketan 2025ko eka. 5a, 09:33

Saguzarrak ezagutzeko irteera egin zuten Deban. Arg.: Euskal Kostaldeko Geoparkea

Ekainaren 1ean eman zituzten amaitutzat Europako Geoparkeen Astearen bueltan aurten antolatutako ekitaldiak eta, nabarmendu dutenez, "aho-zapore gozoarekin" geratu dira antolatzaileak.

Europako Geoparkeen 16. Astea amaierara helduta, Euskal Kostaldeko Geoparkeko kideek azpimarratu dute "aho-zapore gozoarekin" geratu direla antolatzaileak zein parte-hartzaileak. "Deban, Mutrikun eta Zumaian egin diren bisita, hitzaldi eta abarretan talde mardulak bildu dira eta, eguraldia lagun, aurreikusitako ekitaldi guztiak egoki burutu dira", azaldu dute.

Egunotan egindako ekitaldien artean Geotalks saio berezia, Geoparkeko Bira ibilbidearen bigarren etaparen txangoa eta Artzainerreka bailarako flora ezagutzeko Biotop landa-irteera nabarmendu dituzte antolatzaileek. Horiez gain, umeentzako tailerra, museoen ate irekien jardunaldiak eta, besteak beste, saguzarrak gertutik ezagutzeko irteera ere antolatu dituzte aurten.

Halaber, Mikroipuin Lehiaketaren bigarren edizioa egin dute eta irabazlea Edurne Nuñez izan da. Parte hartu duten sortzaileen artean egindako zozketan, berriz, Iñigo Legorburu suertatu da irabazle.

"Eskerrik asko aurtengo Europako Geoparkeen Astean parte hartu duzuen guztioi eta egitaraua osatzen lagundu duten herritar, elkarte zein erakundeei. Datorren urtean, gehiago!", nabarmendu dute.