Ostiralean abiatuko da Europako Geoparkeen Astea

Berriketan 2025ko mai. 21a, 10:08

Arg.: Euskal Kostaldeko Geoparkea

Euskal Kostaldeko Geoparkeak hamar egun hartuko dituen egitarau zabala antolatu du 2025eko Europako Geoparkeen Asterako.

Ekimenez betetako hamar eguneko egitaraua prestatu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak. Besteak beste, Miguel Delibes de Castro biologoa protagonista izango duen Geotalks saioa, Biotop txango botanikoa, Geoparkeko Biraren 2. etapa, saguzarrei buruzko tailerra, lehiaketak eta bisita gidatuak izango dira aukeran Deban, Mutrikun eta Zumaian.

Maiatzaren 23an hasi eta ekainaren 1era bitartean egingo da EGNWeek delakoaren hamaseigarren edizioa. Bertan ez ezik, ekimena aldi berean garatuko da gaur egun Europan dauden gainontzeko geoparkeetan ere. Antolatzaileek nabarmendu bezala, "tokian tokiko ondare geologiko eta natural aberatsa ezagutzera ematea eta herritarrengan balio hauen kontserbazioaren inguruan kontzientzia piztea dira ekimenaren helburu nagusiak".

2025eko Europako Geoparkeen Asterako prestatu dituzten ekimen guztiak doakoak izango dira, baina horietako batzuetan aurrez izena eman beharko dela gogorarazi dute; kode-sistema bat erabilita edota formularioak beteta egin ahal izango da izen-ematea.

'Saguzarren gaua' Deban

Egitaraua etzi (maiatzak 23) abiatuko da, saguzarrak ezagutzeko Deban egingo den jardunaldiarekin. Antolatzaileek azaldu bezala, Saguzarren gaua ekimenaren baitan erakusketa eta detekzio-irteera egingo dira, publiko orokorrari zuzenduta (gehienez 30 lagun)"Umeekin batera egiteko ekimen oso aproposa da", aipatu dute. Jarduerak bi zati izango ditu; lehenbizikoan aditu baten azalpenak entzungo dituzte eta, ondoren, ibaiaren inguruan, zubia zeharkatuz, ibilbidetxo bat egingo dute saguzarrak entzuteko, "ibai inguruak leku onak izaten baitira saguzarren aktibitatearen lekuko izateko". Eguraldia segurua ez bada, bertan behera utzi beharko dute ekimena, "euriarekin ez baitira apenas mugitzen".

Ugaztun hegalari hauek hobeto ezagutzea eta ekosistemetan duten funtzioa eta garrantzia azpimarratzea dira ekimenaren helburu nagusiak. Aurreratu dutenez, "hegan egiteko erabiltzen duten ekolokalizazio sistema hobeto ulertzen lagunduko digu Naturtzaindia elkarteko aditu batek".

Parte hartu nahi dutenek Debako zumardiko kioskoan dute hitzordua, 21:00etan. Aurrez izena eman behar da labur.eus/saguzar formularioa beteta edo Debako turismo bulegoan (943 19 24 52)

Ikus hemen Europako Geoparkeen Asteko EGITARAU osoa.