Euskaraldia

Badator laugarren Euskaraldia

Berriketan 2025ko mai. 14a, 11:54

Egun bat besterik ez da falta 2025eko Euskaraldia hasteko. Aurreko hiru aldietan udazkenean aurrera eramandako ekimena udaberrian egingo da oraingoan.

Maiatzaren 15etik 25era izango da aurten euskara ulertzen duten hiztunen hizkuntza-ohiturak euskarara aldatzea helburu duen ariketa sozialik masiboena. Deban eta Itziarren ere buru-belarri aritu dira lanean, eta prest dago guztia 11 eguneko ariketa sozialari hasiera emateko.

Batzordekideek zehaztu dutenez, bihar (maiatzak 15) Foruen Plazan 19:00etan egingo den ekitaldi nagusiarekin emango diote hasiera Euskaraldiari. "Hamaikakoak testu bat irakurriko du eta Euskaraldia hasi dela iragartzeko, suziri bat botako dugu. Ondoren, guztiok Ahobizi edo Belarriprest txapak soinean ipini eta jarraian, argazki erraldoia aterako dugu", aurreratu dute batzordekideek.

Hurrengo egunetan ere, hainbat ekimen izango dira udalerrian: besteak beste, kuadrillen arteko jolasak, zinema euskaraz, irrintzi ikastaroa, euskopoteoa, ipuin kontaketa, barretegia, Iturrian Korua eta pala txapelketa mistoa.

Izen-ematea eta txapen banaketa

Deban eta Itziarren ere eragin nabarmena izango du ariketa kolektiboak. Batzordekideen esanetan, 500 herritarretik eta 50 entitatetik gora izena eman dute egitasmoan. Belarriprest edo Ahobizi izan nahi dutenek horretarako aukera badutela gogorarazi dute. Euskaraldia hasi arte egongo da horretarako aukera, www.euskaraldia.eus atarian.

Txapen banaketa ere egiten ari dira egunotan. Deban, gaur (maiatzak 14) banatuko dituzte, 18:00etan, Foruen Plazan. Itziarren, bestalde, bihar (maiatzak 15) banatuko dituzte, 17:00etan, Burugorri aurrean. Txapa jasotzerako unean izena emateko aukera ere egongo dela jakinarazi dute.