Euskaraldia

500 herritarrek eman dute jada izena Euskaraldian

Berriketan 2025ko mai. 7a, 13:07

Babes zabalarekin hasiko du bidea Euskaraldiak; dagoeneko Debako eta Itziarko 500 herritarrek eta 50 entitatek bat egin dute hizkuntza ohiturak aldatzeko egitasmoarekin. Herrikide gehiago batzea dute orain erronka.

Euskararen erabilera sustatzeko ariketa soziala hasi baino bi hilabete lehenago ireki zuten norbanakoek izena emateko epea eta behin-behineko datuak jakinarazi dituzte dagoeneko: Deban eta Itziarren 500 herritarrek parte hartuko dute egitasmoan.

Herritarrek ez ezik, entitateek ere badute zeresana eta zeregina ariketa kolektiboan eta, gaur-gaurkoz, herriko 50 eragilek, elkartek, enpresak edo dendak erakutsi dute Euskaraldian parte hartzeko konpromisoa.

Bezperara arte

Ekimenarekin bat egingo dutenen zerrenda luzatu egingo da. Izan ere, Euskaraldia maiatzaren 15etik 25era izango da eta ordura arte (bezperara arte) egongo da izena emateko aukera. Internet bidez egin daiteke (euskaraldia.eus atarian) eta herriko batzordeak mahaia jarriko du Foruen Plazan hilaren 10ean (11:00etan). Bertan, izena eman dutenek (udalerri gisa Deba hautatuz) txapa identifikagarria jaso ahal izango dute.

Euskaraldia sustatzeko bat egin dute tokiko erakundeek eta eragileek. Akuilu lana egin dute hilabeteotan eta antolatu dituzten jardueren berri eman dute. Ekintza gehienak maiatzaren 15etik 25era izango dira, baina aurretik ere izan dira zenbait hitzordu. 

HURRENGO HITZORDUAK:

  • Maiatzak 10, larunbata
    • 11:00. Euskaraldiko azoka, Plaza Zaharra, Foruen Plaza eta Simon Berasaluze plaza.
  • Maiatzak 15, osteguna
    • 19:00. Hasiera ekitaldia, Foruen Plaza.
  • Maiatzak 17, larunbata
    • 13:00. Kuadrillen arteko jolasen finala, Plaza Zaharra.
  • Maiatzak 18, igandea
    • 19:00. Zinema euskaraz (Azken erromantikoak), Kultur Elkartea.
  • Maiatzak 20, asteartea
    • 18:30. Irrintzi ikastaroa, Luzaro ikastetxea. Aurrez eman behar da izena (688 87 24 89).
  • Maiatzak 22, osteguna
    • 20:00. Euskopoteoa (musika, jolasak...), kalez kale.
  • Maiatzak 23, ostirala
    • 17:00. Ipuin kontaketa, Kultur Elkartea.
    • 20:00. Barretegia umorezko bakarrizketak (Nerea Aizpurua, Manex Astigarraga, Joseba Escudero, Mitxel Martinez eta Julia Ron), Kultur Elkartea. Sarrera 3 euro.
  • Maiatzak 24, larunbata
    • 12:00. Iturrian Korua, kalez kale.
  • Maiatzak 25, igandea
    • 10:00. Pala txapelketa mistoa, Aldats pilotalekua. Aurrez eman behar da izena (685 75 50 74).