Deba eta Itziar arteko errepidea itxita dago martxoaren 30az geroztik eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak atzo (apirilak 15) azaldu bezala, gutxienez ekainera arte itxaron beharko da eremua behar bezala egonkortu eta segurtasunez ireki ahal izateko.
Egoerak Deba eta Itziar arteko lotura "nabarmen zaildu" duela ikusirik, Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak bandoa eta prentsa ohar bateratua kaleratu dute gaur eguerdian (apirilak 16). Jakinarazi dutenez, joan-etorriak egiteko bideen erabilpena ibilgailu baimenduen eta ez baimenduen artean bereiztea adostu dute.
Baimendutako ibilgailuentzako bidea
Bihartik (apirilak 17) aurrera Mendata institututik Olloki baserrira doan errepidea (San Roke bidea) bi norantzatan egongo da zabalik.
Hala, Debatik Itziarrera joateko, orain arte bezala, baimendutako ibilgailuek bide hori hartu ahal izango dute eta behin Ollokira iristean, Doniene baserrira bitarte, Itziarrera doazen ibilgailuek solik pasa ahal izango dute bertatik; Donienera iritsita, N-634 errepidera irten beharko dira.
Itziartik Debara joateko, berriz, N-634 errepidetik egin beharko dute bidaia, Atxili baserriko bidea hartuta, Ollokiko bidegurutzeraino. Eta Ollokitik Mendata institutura bitartean, aurrez aipatu bezala, errepidea bi norantzatan egongo da zabalik eta lehentasuna izango dute goranzko norabidean doazen ibilgailuek. Nabarmendu dutenez, "errepide hau, noski, behar bezala seinaleztatuta egongo da".
- Zeintzuk dira baimendutako ibilgailuak?
Baimendutako ibilgailuak izango dira bertako txartela dutenak edo hau izan ezean, zirkulazio zerga udalerrian ordaintzen dutenak eta udaltzaingoak baimendutako ibilgailuak. Azken kasu honetan, bertako txartela ez dutenek udaltzaingoan edo Itziarko herritarrentzako arreta zerbitzuan (Burugorri gainean) eskatu beharko dute baimena asteartetik (apirilak 22) aurrera.
Baimendu gabeko ibilgailuentzako bidea
Orain arte bezala, baimendu gabeko ibilgailuek AP-8 autopistatik edo Lasturko GI-3210 errepidetik egin beharko dituzte Deba eta Itziar arteko joan-etorriak.
Era berean, adierazi dute N-634 errepidea Itziartik Galp gasolindegira bitarte irekita egongo dela.
Amaitzeko, Debako Udalak eta Itziarko Auzo Udalak herritarrei bide hauek "kontuz erabil ditzatela" eskatu diete, "abiadura motelean eta bertako bizilagunak zein baserrietako animaliak errespetatuz, guztien arteko bizikidetza egokia bermatzeko". Ohartarazi dute arreta berezia jarri beharko dela batez ere Mendata institututik Ollokiko bidegurutzera arteko tartean, ahal den neurrian eskuin bazterretik igaro beharko baita, ibilgailuak bi norantzatan igarotzea bermatzeko. Lehentasuna gorantzako norabidean doazen ibilgailuek izango dute.