Badira bi aste eta ez dakigu noiz arte.
Idatzi honen bidez, behean sinatzen dugun herritarrok gure haserrearen eta egonezinaren berri eman nahi dugu. Bi aste igaro dira Deba eta Itziar arteko errepidea moztu dutenetik. Egoera horren aurrean, jakitun gara gure eguneroko bizitzan sor daitezkeen buruhausteez eta gorabeherez. Baina ez dugu inondik inora ulertzen egoera larri honen aurrean Debako Udalak zein Itziarko Auzo Udalak ez ateratzea bando ofizialik, ez egitea batzar irekirik... egoeraren berri emateko. Ez dakigu egoera hau noiz arte bizi beharko dugun, kalean denetarik entzuten dugu, baina informazio ofizialik ez dugu. Gure seme-alabak garraio publikoan mugitzen dira egunero ikastetxera, eskolaz kanpoko ekintzetara..., baina ordutegiak ez dira egoerara moldatu eta ez da zerbitzua indartu, horrek dakarren guztiarekin. Autobusak 20 minutuko atzerapenarekin iristen dira egunero, eta ezin izaten dira trena hartzeko garaiz iritsi... Egoera hau denok sufritzen dugu; erosketetara, medikura, Correosera, banketxeetara... joateko.
Hori gutxi balitz bezala, zer esango dugu egunero San Rokeko aldapan ematen den egoeraz. Herritar ugari oinez jaisten gara Debara, herritarrak zein Santiagoko bidea egiten dabiltzan lagun ugari. Herritarroi kotxez San Roketik igotzeko aukera bakarrik eman zaigu, baina jakina da hau ez dela inondik inora errespetatzen. Itziarreruntz igotzerakoan behin eta berriz aurkitzen ditugu poligonotik behera datozen kotxeak, furgonetak, atzerriko turistak... Zorionez, orain arte eguraldi lehorra eduki dugu. Euria egiten duenean, segurtasuna bermatuko al da? Eta ikusirik Aste Santua ate-joka daukagula, nola bideratuko edo kudeatuko dute egoera? Galdera asko eta erantzunik ez. Esan bezala, herritar ugari oinez jaisten gara Debara, herritarrak eta Santiagoko bidea egiten dabiltzan lagun ugari. Bertatik igarotzen den kotxe kopuru altuari ibilgailuen abiadura handia gehitu behar zaio, horrek sortzen duen arriskuarekin.
Egoera honen aurrean, idatziak bideratu ditugu Lurraldebusera, aldundira eta udaletxera, baina oraindik ez dugu inolako informaziorik jaso. Jakitun gara egoera ez dela erraza, baina honen aurrean informazioa eskatzen dugu, eta irtenbideak, egoera hau ahalik eta erosoen eraman ahal izateko.
Sinatzaileak: