Debako eta Itziarko pentsiodunek astelehenean ekingo diote sinadura bilketari

Berriketan 2025ko urt. 30a, 13:09

Gogorarazi dute Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aldeko sinadura bilketan parte hartzeko 18 urtetik gora izan eta EAEn erroldatuta egon behar dela.

Euskal Herriko beste hainbat udalerritan bezala, Debako eta Itziarko pentsiodunak ere sinadura bilketa abiaraziko dute, Herri Ekimen Legegilea (HEL) babesteko helburuarekin. Azaldu dutenez, astelehenean (otsailak 3) hasiko dira sinadurak biltzen, eta apirilaren 16ra arte jarraituko dute horretan.

Deban, esaterako, bi astelehenetik behin Foruen Plazan egiten dituzten  elkarretaratzeetan batuko dituzte atxikipenak, baita larunbatetan ere, 12:00etatik 14:00etara. "Itziarren ere jasoko ditugu, baina egunak finkatu gabe ditugu oraindik".

[Irakurri HEMEN Pentsioen Osagarria Bermatzeko Neurrien Lege-Proposamena]

Pentsiodunek azpimarratu duten bezala, sinadura bilketak "Pentsioen Osagarri bat Bermatzeko Neurrien Lege Proposamena Herri Ekimen Legegilea (HEL) babesteko helburua du eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan egingo da, Legebiltzarrean Herri Ekimen Legegilea aurkeztu eta pentsioen osagarrirako diru laguntzak onartzeko".

"Gure nahia da Eusko Jaurlaritzak urteroko aurrekontuetan dagokion diru osagarri hori jartzea, guztiok gutxieneko soldata jaso dezagun"

Zehaztu dutenez, EAEn pentsiodunen hirutatik bat ez dela gutxieneko soldatara iristen; horietatik %70 emakumeak dira eta gehienek 850 euro baino gutxiago jasotzen dute hilero. "Gure nahia da Eusko Jaurlaritzak urteroko aurrekontuetan dagokion diru osagarri hori jartzea, guztiok gutxieneko soldata jaso dezagun. Pentsio minimoa Lanbide Arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea (estatuan 14 pagako 1.134 eurokoa da gaur egun) da Lege Proposamenaren helburua".

Horrenbestez, astelehenean (otsailak 3) hasi eta apirilaren 16ra arte egongo dira sinadurak batzen. Gogorarazi dute sinadura eskubidea izateko 18 urtetik gorakoa izan eta EAEn erroldatuta egon behar dela. Zentzu horretan, ohartarazi dute,  sinatzeko norberaren datuak nortasun agiriak dakartzan modu berberean  adierazi behar direla, "bestela sinadura plegu osoa baliogabetuko dute.  Honenbestez, eskubidea duzuen guztioi dei berezia egiten dizuegu mahaira hurbildu eta bakoitzak bere sinadura ematera”.