Geoparkeko Bira aurkeztuko dute Fitur azokan

Berriketan 2025ko urt. 22a, 09:49

Gipuzkoak Fiturrera eramango dituen proiektuen aurkezpeneko irudia. Arg.: Gipuzkoako Foru Aldundia

Gaur hasi eta hilaren 26an amaituko den Fitur nazioarteko turismo azokan parte hartuko du aurten ere Geoparkeak, bertoko natura- eta geoturismo-eskaintza zabalaren berri emateko asmoz. Oraingo honetan, Geoparkeko Bira produktu turistikoa sustatuko dute bereziki.

Urtarrilaren 22tik 26ra ospatuko da aurtengo Fitur azoka Madrilen, eta Geoparkeak bi stand ezberdinetan izango du presentzia. Batetik, Euskadi izeneko gunean egongo da, eta, bestetik, Munduko Geoparkeen Espainiako Sareak bigarren urtez jarraian jarriko duen standean ere izango da. Geoparkeko herrietako alkateek, zinegotziek eta turismo teknikariek ordezkaritza zabala osatuko dute lurraldea sustatzeko azoka-egunetan antolatuko diren jardueretan.

Euskal Kostaldeko Geoparkeak sortu duen azken produktu turistikoa, Geoparkeko Bira, aurkeztuko du Fiturren Geoparkeko kudeatzaile Leire Barriusok. Geoparkea hiru etapatan zeharkatzen duen 54 kilometroko ibilbide zirkularra da Bira. Kostaldeko GR ibilbide arrakastatsua luzatzeko eta lurraldearen barnealdea (Olatz, Lastur, Itziar) ezagutarazteko apustua da. Hiru etapatan banatutako trazaketa, azken batean, proposamen berri bat da lehendik dauden bidezidorretatik eta bideetatik igarotzen den Geoparkea sakon ezagutzeko. Geoparkeak Entitate Laguntzaile diren zerbitzu turistikoak eta ostatuak ere sustatu nahi ditu produktu turistiko berri honekin. Bihar (urtarrilak 23) izango da aurkezpena, 10:00etan Euskadiren gunean (9 pabiloia, C06); eta Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen erakusmahaian, 13:00etan.

Bestalde, Geoparkearen promoziorako bideo berria ere jendaurrean aurkeztuko dute turismo azokan. 

Nazioarteko erakusleihoa

Geoparkeko kideek nabarmendu bezala, "Fitur turismo-sektoreko erreferentziazko ekimena" da gaur egun, eta bere ibilbide luzean topagune eta negoziorako plataforma ere bilakatu da turismo-industriako profesionalentzat. Lehen hiru egunetan, azoka bisitari profesionalei bakarrik irekitzen zaie, eta asteburuan zehar, berriz, baita publiko orokorrari ere.

Munduko Geoparkeen Espainiako Sarea bigarren urtez jarraian egongo da azokan eta Geoparkea ere hastapenetik egon da bertako standean. Aurten 10 urte bete dira Unescoren Batzar Nagusiak Unescoren Munduko Geoparkeen sorrera berretsi zuenetik. Azaldu dutenez, "geoparkeen berezitasunek eta paisaien ikusgarritasunek bat egingo dute eskaintza turistiko berritzaile bat proposatuko duen Munduko Geoparkeen Espainiako Sarearen standean. Fiturren 45. edizio honetan, Ifemako 7.a.19 pabiloian elkartuko dira Espainiako, Portugalgo eta Latinoamerikako geoparkeak".