Industrialderako sarbidea hobetzeko egindako lanen "eragin positiboa" bertatik bertara egiaztatzeko helburuz egin zuen atzoko bisita Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusiak. Lanak abenduan amaitu zituzten, Kanala hotelaren aurreko bihurgunea berrituta, eta jarduketa horri esker, pieza handiak garraiatzen dituzten kamioiak errazago eta segurtasun handiagoz sar daitezke parkean. Horrek eragin zuzena izan du, horrenbestez, inguruko enpresa sarearen lehiakortasunean.
Mendozak azaldu zuen "pozik" dagoela Aldundiak egindako lanarekin, eta "bide azpiegituretan zein beste eremu batzuetan hobekuntzak bultzatzen jarraitzeko konpromisoa" berretsi zuen, Gipuzkoako enpresa sarea babesteko eta sendotzeko. "Hori da gure Aldundiaren lehentasun estrategikoetako bat", azpimarratu zuen. "Gure esku dauden tresna guztiak enpresen eskura jartzen jarraituko dugu, gure eragileei entzunez eta proiektuak elkarrekin garatuz. Gure helburua da, gure enpresen lehiakortasuna bermatzeaz gain, Gipuzkoako herritarren segurtasuna eta ongizatea ere bermatzea".
Itziar-Deba Enpresa Parkeko presidente Xabier Agirrek azaldu bezalaxe, "hain beharrezkoa den esku-hartze horri esker, formatu handiko piezekin lan egiten duten eta garraio bereziak behar dituzten enpresak lehen ezin zuten merkatuetara sartu ahal izango dira. Azpiegitura horrek inbertsioak animatuko ditu, enpresei lehiakorragoak izateko aukera emango die eta, horrela, balio erantsiko sektoreetan lehiakideen aurrean posizionamendu hobea bermatuko du". Bere esanetan, hain zuzen, "eremu horretako enpresa guztiek ere onura jasoko dute, garraioa erraztuko delako eta bide-segurtasuna bermatuko delako. Adibide argia da, eta agerian uzten du lankidetza publiko pribatuak hobeak eta lehiakorragoak egiten gaituela".
Egindako lanak
Gipuzkoako Foru Aldundiak 1,1 milioi euro bideratu ditu aipatutako bihurgunea hobetzeko lanetara. Eta atzo gogorarazi zuten bezala, kopuru horri 2020. urteaz geroztik Itziarko enpresa-parkerako sarbideak hobetzeko aurrez inbertitutako 1,5 milioi baino gehiago gehitu behar zaizkio.
Bihurgunea hobetzeko lanak maiatzaren 15ean hasi ziren, eta 2024ko abenduaren 7an amaitu. Esku-hartzeak kurbaren ezaugarri geometrikoek ezartzen zituzten mugak zuzendu ditu. Kurbaren aldapak parkeko enpresek tamaina edo pisu handiko piezak garraiatzea zailtzen zuen. Jarduketa horrekin, galtzada zabaldu egin da 11,5 metrora iritsi arte, malda % 5etik % 7ra jaitsi da, eta peraltea % 4,5era egokitu da. Hobekuntza horiek egin ahal izateko, 108 metroko luzera eta 8 metroko altura duen harri lubetazko horma bat eraiki da, orain maniobra seguruagoak egiteko. Gainera, jarduketek nabarmen indartu dituzte bide-konexioak, Itsaspeko biribilguneak indartuta. Biribilgune hori 2020an eraiki zen, GI-3210 eta N-634 errepideak lotzeko.
Atzo adierazi zutenez, aipatu lan horiez gain, 2 metroko zabalera izango duen oinezkoentzako bide bat eraikiko da, Debako Udalak finantzatua, eta tarte hori N-634 errepidearekin lotuko du. "Azpiegitura horri esker, Itziarko bizilagunak modu seguruan joan ahal izango dira Itsaspe ingurura eta N-634 errepideko autobus geltokietara", nabarmendu zuen Mendozak.
100 enpresa baino gehiago
Gaur egun, 100 enpresak baino gehiagok jarduten dute Itziar-Deba enpresa parkean, eta Gipuzkoako industrialde nagusietako bat da.
Enpresa parkeko arduradunek inguruko enpresaburuei berriki egindako kontsultaren arabera, hobekuntza obrek onura ugari eragin dituztela azaldu zuten atzoko agerraldian. "Besteak beste, tonaje handiko piezen mugimendua erraztu dute, ibilgailu bereziak errazago maniobratzeko aukera eman dute, industrialdean lehen bideragarriak izango ez ziren azpiegiturak garatzea ahalbidetu dute, eta makina handiak instalatzea ere ahalbidetu dute".
Halaber, azaldu dutenez, kontsultatu dituzten enpresak bat etorri dira irisgarritasunaren hobekuntza horiek beren industria-helburuetan aurrera egiteko dituzten abantailak nabarmentzeaz gain, trafikoan eta sarbideetan eragin positiboa dutela azpimarratzean, bai langileentzat, bai inguruko herritarrentzat.