Avanzak eskaintzen duen zerbitzuaren “arazoak konpontzen ez direla ikusita” Batzar Nagusietara eramango du gaia EH Bilduk

Ubane Madera Zangitu - Plaentxia.eus 2024ko abe. 11a, 09:30

Gipuzkoako EH Bilduk jakinarazi duenez, Avanzak eskualdean eskaintzen duen autobus zerbitzuari buruzko gaia abenduko Batzar Nagusietako osoko bilkurara eramango du. Prentsa ohar bidez azaldu dutenez, “Avanza multinazionalak Transportes Pesa erosi zuenetik erabiltzaileak mugikortasun arazo handiak izaten ari dira” eta, gaiari buruz Mugikortasun diputatu Azahara Dominguezi galdetu arren “arazoak konpontzen ez direla ikusita, abenduko Batzar Nagusietako osoko bilkuran eztabaidatzeko ekimena erregistratu du”. 

Batzar Nagusietako abenduko osoko bilkuran, EH Bilduk proposatuko du Batzar Nagusiek eurek exijitzea Gipuzkoako Foru Aldundiko gobernuari “berehalako neurriak” har ditzala, honakoak:

  • "Berehala martxan jar dezala Debagoiena eta Debabarrena eskualdeak Donostia, Bilbo, eta Gasteizekin lotzen dituen garraio zerbitzuaren emakida berritu eta zabaltzeko prozesua; eta, ondorioz, zerbitzua dagokion kalitatezkoa izan dadin, emakida esleitzeko kontratazio prozedura hurrengo urtean amaitua egon dadila.
  • Berehala martxan jar dezala lizitazio berri baterako prozedura, autobus flotaren mantenuaren inguruko egoera zuzentzeko: zerbitzua emateko beharrezko autobus kopurura egokitzeko, zein flota erabiltzaileen hazkundeak eta eskariek eskatzen dituzten kalitate eta segurtasun estandarretara egokitzeko.
  • Konprometitu dadila bitartekaritza egitera Avanza enpresaren eta langile ordezkarien artean, lan hitzarmena berritzeko akordioa ahalik eta azkarren lor dadin. Modu horretan,  Avanzak kudeatzen duen Lurraldebuseko emakidako langileen lan baldintzak hobetu daitezen".