Asteleheneko elkarretaratzean esplikatu zutenez, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak lortu nahi du “Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarren sektore zabal batek bere egitea edo babestea Herri Ekimen Legegilea, eta eskatzen denarekiko errezeloak izan ditzaketen legebiltzarreko talde politikoek zailtasunak izatea horrelako eskaera sozial bati ezetz esateko”.
Horretarako abiatuko dute “sinadura bilketa masiboa” laster. Esan zutenez, EAEko Hauteskunde Batzordeak sinadurak biltzeko pleguari oniritzia emateko zain daude herriz herri sinadurak batzen hasi ahal izateko.
Nahikoa ez den igoera
Bestelako gaien artean, berriz, 2025erako pentsioen igoeraren aurreikuspena %2,8koa dela partekatu zuten. Esandakoaren arabera, “Kontsumorako Prezioen Indizea (KPI) %2,4an kokatu da azaroan (…) Datu horrekin, KPIaren urteko batez besteko igoera iazko azarotik aurtengora, %2,8koa da”.
Baina uste dute igoera hori ez dela nahikoa izango, “erosketa saskiaren prezioen igoera %2,8 horren gainetik egon” baita. “Eta igoera horrekin pentsioek ez dute berreskuratzen izoztuta egon ziren urteetan galdutakoa edo %0,25eko «igoerarekin» galdutakoa. Bestalde, pentsio minimoak eta ez-kontributiboak oso baxuak izango dira aurrerantzean ere, ia miserableak”, salatu zuten.
Azkenik, jakinarazi zuten Bilboko Otxarkoaga auzoan egin berri dutela Euskal Herriko Pentsiodunen IV. Asanblada egin zela, ehun bat lagunen partaidetzarekin.