Kamioidun eta furgonetadun boluntarioak behar dira Valentziarako

Barren 2024ko aza. 7a, 10:12

Eibarko Armeria Eskolan jarri du bertako Ertzaintzak Valentziara bidaltzeko gauzak batzeko bilgunea eta, aurreikuspen guztiak gaindituta, gainezka dute frontoian egokitu dieten lekua. 

Eskualdeko herrietan batu eta bidalitako materialarekin paleak eta paleak pilatzen ari dira Valentziako hondamendiari aurre egiteko premia-premiazko gauzekin. Orain bertaraino garraiatzea da kontua.

Herritarren sartu-irtena etengabea da: jeneroa eta jeneroa dator erosketa-poltsetan, supermerkatuetako orgatxoetan, kotxeetan… eta hainbat pertsona ari dira guztia multzoka antolatzen. Gune txiki batean hasitakoa, orduak aurrera joan ahala, gainezka egin eta makro-bilgune bihurtu da. Kaltetuei eramateko prest dago. Eta horretarako nork eta non garraiatu falta dela konturatuta, dei egiten diete Valentziara joan-etorria egiteko prest dauden furgonetadun eta kamioidun boluntarioei.

  • Kontaktuan jartzeko Eibarko Ertzaintza Etxera deitu, 943 53 17 00 telefonora.

Eibarko Armeria Eskolan jarri du bertako Ertzaintzak Valentziara bidaltzeko gauzak batzeko bilgunea, Eta Kitto toki komuunikabidearen ondorengo bideoan ikus daitekeen moduan. 

Laguntza bide ofizialetatik

Era berean, Eusko Jaurlaritzak oharra kaleratu du herritarrei eskatuz Valentziarako laguntza bide ofizialetatik bideratzeko. Diru ekarpenak Valentziako Generalitateak sortu duen Som Solidaritat webgunearen bitartez egitea hobetsi du Jaurlaritzak. Azken egunotan, iristen ari zaien laguntza materiala ezin kudeatuz dabiltza Valentzian eta logistika eta biltegiratze arazoak gero eta handiagoak dira. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak eta beste instituzio askok herritarrei eskatu diete Valentziara laguntza modu antolatuan eta bide ofizialetatik bidaltzeko.

Laguntza dirutan ematea hobetsi du Jaurlaritzak, horretarako Valentziako Generalitateak propio sortu duen Som Solidaritat webgunea erabilita. Boluntario moduan joateko, berriz, GKE, Gobernuz Kanpoko Erakundeekin harremanetan jartzea gomendatu du. 

Kaltetutako tokietara bidaltzeko material bilketak antolatu dituzte hainbat herritan. Irudian materiala laga daitekeen Elgoibarko tokietako bat.