Gipuzkoako Foru Aldundiko Lurralde Oreka Berdeko departamentuko ordezkariak Elgoibarren izan ziren pasa den astean, Debabarrena eskualdeko herritarrei Baserritar Misto Profesionala ekimenari buruzko xehetasun gehiago emateko.
Lehen sektorearen belaunaldi erreleboa bermatzeko helburuz abiatu dute egitasmoa. Aldundiko iturriek azaldu dutenez, hain zuzen, "ekimen honen bidez, lehen sektorean jarduera profesional bat garatu nahi duten pertsonei laguntza eman nahi zaie, enpresatik esparru horretara modu jasangarrian igarotzeko, prozesu honetan bi lanak uztartuz. Horretarako, % 50eko lanaldi-murrizketa proposatzen du ekimenak, interesdunak jarduera hori baserriko lanekin bateratzeko aukera izan dezan modu profesionalean, diru-sarrerak bi jardueretatik etor daitezen".
Bete beharreko baldintzak
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egitasmoa 18 eta 55 urte bitarteko herritarrei zuzenduta dago, eta parte hartu ahal izateko, beharrezkoa da kontratu mugagabea nahiz lanaldi osokoa izatea eta enpresan gutxienez 18 hilabeteko antzinatasuna izatea.
Azaldu dutenez, bazkide langileen kasuan, 10 bazkide baino gehiago dituzten erakundeetako bazkide langileek soilik izango dute laguntza jasotzeko aukera. Langile berrien kasuan, lan-kontratu mugagabe berriak lanaldiaren %50 izan beharko du. Enpresen kasuan, berriz, haien jarduerak ez du lehen sektoreari lotuta egon beharko.
Aldundiak bultzatutako programak sei urteko iraupena izango du guztira. "Foru erakundeak konpentsazio ekonomikoa emango die baserritarrei eta enpresei lanaldi-murrizketari aurre egiten laguntzeko", jakinarazi dute.
Ekimenari buruzko informazioa Gipuzkoako Foru Aldundiaren webgunean jaso dute, eta harremanetarako posta elektronikoa honakoa da: bmp@gipuzkoa.eus.