29 gaztek hasi dute Debabarreneko udalek antolatutako aisialdiko begirale ikastaroa

Berriketan 2024ko aza. 7a, 09:11

Haur eta Gazteen Aisialdiko Begirale titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroa antolatu dute Debabarreneko udalek (Deba, Elgoibar, Mendaro, Soraluze, Eibar eta Mutriku) Gaztetxo Eskolarekin elkarlanean, eta arrakastatsua izan da deialdia.

Debabarreneko 29 lagunek eman zuten izena begirale titulua eskuratzeko ikastaroan: Eibarko 11 pertsonak, Mutrikuko 6k, Mendaroko 5ek, Debako 3k, Soraluzeko 2k eta Elgoibarko 2k. Urriko azken asteburuan hasi zuten ikastaroa denek batera, Zugaztietako aterpetxean egindako prestakuntza-egonaldian. Gaztetxoak Eskolako teknikariak ari dira ikastaroa ematen, eta eraginkorragoa izateko izena emandakoak bi taldetan banatzea erabaki dute. Eibar, Elgoibar eta Soraluzeko taldeak Eibarren egingo ditu saioak, eta Mutriku, Mendaro eta Debako taldeak, berriz, Mendaron eta Mutrikun.

Ikastaroaren atal teorikoa urriaren 26an hasi zuten eta maiatzaren 10ean bukatuko dute. Ondoren, bi tutoretza saio ere izango dituzte. Ikastaroa bukatzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulu ofiziala eskuratuko dute.

Ikastaroaren prezioa 294,5 eurokoa den arren, udalen laguntzei esker partaideek 147,5 euroko matrikula ordaindu dute.