Gipuzkoako Foru Aldundiak prentsa ohar bidez jakinarazi bezala, Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko diputatuak inauguratu zuen atzo Eskualdeko Nekazaritza Bulegoa, Elgoibarko Maialen Gurrutxaga alkatearekin batera.
Gabriel Krutzelaegi kalean dagoen eraikin berriak Debabarrena eskualdeko 1.600 ustiategi baino gehiago artatuko ditu. Bulego berria egokituta egongo da gestioak egin behar dituzten baserritarrak erraz sar daitezen. “Inaugurazio honekin beste urrats bat eman dugu gure baserritarrei kalitatezko zerbitzua eskaintzeko konpromisoan”, adierazi du Arrutik.
Zentro berriak ustiategien erregistroari, gidekin lotutako izapideei, edota animalien altei eta bajei buruzko gestioei erantzuteko balioko du, eta eskura dauden laguntzei eta horiek eskatzeko moduari buruzko informazioa emango du. Gainera, gune horretan bertan Debemen Debabarreneko Landa Garapenerako Elkartearen bulegoak egongo dira.