Juan Carlos Abascal Ermuko alkateak egin zituen batzarreko lehen hitzak eta haren ostean, Iñigo Perez-Arregui BPTDko presidenteak hartu zuen hitza. Bertaratutakoei ongietorria ematearekin batera, Perez-Arreguik elkartearen helburua definitu zuen: “Ekosistema industrial bizi, lehiakor eta zorrotza sustatzea”. Eta ondorengoa gaineratu zuen: “Beharrezkoa da industria-sare lehiakor horri eustea ahalbidetuko duten garapen profesionalak eskaintzeko gai izatea, eta hori ezinezkoa izango da gure eskualdea behar bezain ingurune erakargarri bihurtuko duen lurralde-orekako eredurik gabe”.
Ehun industrialaren garrantzia eta gakoak izan zituen hizpide Ignacio Martin aholkulariak, Repsoleko kontseilari, CEIT zentro teknologikoko presidente, Artizarra fundazioko patroi eta Zedarriak hausnarketa taldeko kideak: “Industria-sare on batek aukera ematen du ongizate-estatua sendotzen duten diru-sarrera fiskalak sortzeko, kalitatezko enpleguekin, ondo ordaindutakoekin eta egonkorrekin, gazteei etorkizuna eskainiz”.
Martinen parte hartzea BPTDko bazkide den Hervel enpresako gerente Susana Velascok zuzendutako solasaldiarekin amaitu zen.
Lankidetza eta bazkideen beharrei erantzuteko programak
Hori kontuan hartuta, “jarduera ekonomikoa sortzea” lehenetsi zuen BPTDk eta, zeregin horretan, ezinbestekotzat jo zuten enpresekin zein erakunde publikoekin lankidetzan aritzea. Bestalde, nabarmendu zutenez, BPTD harremanetan dago bere antzeko elkarteekin, "sinergiak identifikatzeko eta indar gehiago lortzeko”.
2023ko datuei erreparatuz, elkarteko bazkide diren enpresek programetan izandako partaidetza altua nabarmendu zuten: "%90ak hartu du parte programaren batean edo bestean; erronken programan, enpresa ekintzaileen programan, digitalizazio planean eta abarretan...". BPTDren esanetan, programak enpresek eurak diseinatu dituzte euren beharrei erantzuteko eta horixe izan da arrakastaren arrazoi nagusia.
Elkartearen 2023ko zenbait datu ere aipatu zituzten, esaterako, BPTDk 40 bazkiderekin itxi zuela urtea eta horien guztien artean, 816 milioi euroko negozio bolumena osatzen dutela, 3.000 langile ingururekin.
Deia sektoreko enpresei
Basque Precision Technology District elkarteko kideek “eragin handiagoko proiektuei ekiteko asmoa” dutela adierazi zuen eta, horretarako bazkideen kopurua eta "muskulua" handitu beharra azpimarratu zuten. Hala, eskualdeko sektoreko enpresei dei egin zieten BPTD elkartera batu daitezen.