Diagnostiko hau bi modutara egin daiteke: webgunetik galdetegia deskargatuta edota Debegesako bulegoetan eskuragarri dagoen maletina maileguan hartuta. Maletin honetan, diagnostikoa egiteko galdetegiaz gain, neurtzeko aparatuak daude: aire-ihesen detektagailua, termometroa eta higrometroa, erradiadoreen purgagailua, entxuferako elektrizitatea kontsumoaren neurgailua, hozkailurako termometroa eta uraren emaria neurtzeko kronometroa. "Maletina 14 eguneko eperako zeureganatu dezakezu, 30 euroko diru asegurua utzita —azaldu dute Debegesako arduradunek—. Maletina itzultzean dirua ere itzuli egingo da".
Interesa dutenek 943 82 01 10 telefonora deitu beharko dute, maletina eskuragarri dagoen jakiteko. Diagnosian jasotako erantzunei esker, energia kontsumoa ulertzeko eta efizientzia energetikoa hobetzeko aukera izango dute herritarrek, eta faktura elektrikoaren kostua murrizteko gomendioak jasoko dituzte.