Debako Udalak, Itziarko Auzo Udalarekin lankidetzan, Lasturko kanalarekin lotutako historia eta ingurumen-azterketarako bekarako eskabideak aurkezteko epea zabaldu du. Azaldu dutenez, diziplina anitzeko azterlan honek kanalaren alderdi historiko, energetiko, natural, kultural, etnografiko, geologiko eta hidrologikoetan sakontzea du helburu, ibilbidea Euskal Kostaldeko UNESCOren Munduko Geoparkearen geoibilbide interpretatu bilakatzeko.
Beka 4.000 eurokoa izango da, eta sei hilabeteko iraupena izango du. Deialdian norbanakoek zein horretarako osatutako lantaldeek parte hartu ahal izango dute, eta azterlana euskaraz egin beharko da; hala, eskatzaileek bete beharreko baldintzen artean, euskarako C1 titulua eta unibertsitate ikasketak izatea eskatzen dute.
Eskabideak aurkezteko epea maiatzaren 24ra arte egongo da zabalik, eta interesdunek elektronikoki aurkeztu beharko dituzte proposamenak, udalaren erregistro elektronikoaren bidez. Hemen daude ikusgai beka deialdiaren oinarriak.