Inkestak "errespetuz" irakurtzen ditu PSE-EEk, Denis Itxasoren (Donostia, 1975) arabera, inkestak besterik ez direlako eta iritziak baldintzatzeko egiten direlako. Alderdi sozialistako lehendakarigai Eneko Anduezak kanpainan planteatu du lortutako eskumenetan sakondu behar dela, eta Itxasok fiskalitatea gaineratu du: "Uste dugu Gernikako Autonomia Estatutua garatu den moduan, gure ekonomia garatzeko berebiziko tresna bihurtu denean, mereziko lukeela barrurantz begiratu eta autogobernua eraldatzea Eusko Legebiltzarra izan dadin gure fiskalitatea erabakitzen duena".
Halaber, uste du industriak BPGan behera egin duela eta esparru horri pisu handiagoa eman beharko lioketela. Hala, azpimarratu du turismoa ari dela pisua hartzen: "Zerbitzuen arloan ere gehiago egin dezakegula uste dut, eta turismoaren kudeaketa orekatua nahi dugu. Tasa turistikoa martxan jarri beharko genuke".
Trantsizio energetikoaz galdetuta, euskal ekonomia energia beharretan "oso intentsiboa" dela dio, eta asko behar duela industriaren zati batek: "Ez gara gai kontsumitzen dugun energia guztia ekoizteko. Uste dugu parke eolikoak beharrezkoak izango direla".
Lanpostu publikoetan euskara eskakizunari buruz dio arreta publikoan ziurtatu egin behar dela, baina arreta publikora bideratuta ez dauden lanpostuetan ez duela lehentasunik izan behar.
Erabilgarri izan nahi dute, eta irabaztera doazela dio. EH Bildurekin ez du ikusten gobernatzeko baldintzarik: "Oraindik badago ibilbide etiko bat egiteko, eta herri ereduan ere ez gatoz bat hainbat kontutan".