Oporrak Bakean haur errefuxiatu sahararren programan parte hartzeko izen-ematea azken egunetan sartu da, eta oraindik ere haurrak harreran hartzeko prest dauden familia bila jarraitzen dutela ohartarazi dute programaren arduradunek. Egitasmoaren aurtengo erronka da 300 bat haurrek udan Euskal Herrian bizitokia izatea, baina kopuru horretara iristeko "familia piloa" falta dutela nabarmendu dute.
Argitu dutenez, pandemia garaian programa bi urtez geldirik egon ondoren, oraindik ez da lortu aurreko urteetako kopuruetara iristea; 2022an, esaterako, 153 familiak parte hartu zuten egitasmoan eta 2023an, berriz, 183 familia izan ziren. Gogorarazi dutenez, "gogoa eta denbora izatea" dira parte hartu nahi duten familiek bete beharreko baldintza nagusiak. "Konpromisoa da familiek sinatzen duten gauza bakarra; hau da, haur horrekiko bi hilabeteko (ekainaren amaieratik abuztu bukaera arte) zaintza, hain zuzen". Horrez gain, harrera familiako helduek 25 eta 65 urte bitartean izatea eskatu dute eta osasun eta ekonomia aldetik bi hilabetez haur bat zaintzeko gaitasuna izatea.
"Onuragarria"
Programaren arduradunek azaldu dute "oso onuragarria" dela egitasmoan parte hartzea saharar umeentzat, "osasun kontuengatik eta ikasten duten guztiagatik eta bizitzen duten esperientziagatik". Baina, era berean, harrera familientzat ere "komenigarria" dela adierazi dute. "Aukera hau opor batzuk eskaintzeaz harago doa. Errealitate berri bat ezagutu eta elkartasuna nahiz enpatia jorratzen dituzte".
Parte hartzeko interesa duten familiak Oporrak Bakean ekimeneko kideekin jarri beharko dira harremanetan, oporrakbakean@gmail.com helbide elektronikora idatziz edo honako telefono zenbakietarako batera deituz: 665 711 947 (Araba), 658 751 359 (Bizkaia) eta 696 014 786 (Gipuzkoa). Astelehena (apirilak 15) da horretarako azken eguna, baina norbaitek izena beranduago emango balu, "erreserba" bezala geldituko litzatekeela esan dute. Informazio gehiagorako, elkartearen web ataria ere kontsulta daiteke.